48 ordura... Bota bako bertso bi
2016-02-08 12:05Lau berba egin doguz eta, besteak beste, kontau deutset arin akabetako gogoa daukadala. Emon deuskue abisua: barrura. Gaia: atea itxita topau dozu.
Lagunak kontau deusku bertso-saio danak daukazala akorduan, eta momentuaren indarrak eraginda zenbat gura zehetasun jatorkozala: eguraldia, soinean eroan kamisetea, saio-osteko kopauko ardaoaren etiketea... Bada, neuk ez, neuk ez daukadaz saio dan-danak akorduan, baina batzuk bai, eta detaileak bere bai: garaikur bat, zapata parea, begirada bat, foku bat, komentario bat... gogora ekarteko gai naz. Lantzean akordura etorten jataz botatako bertsoak, bai eta bota bakoak bere. Eta laguna ohean sartu eta ohazala ganera bota orduko seko geratu dan une-unean... orduan etorri jataz akordura niri joan zan zapatuan kartzelako ariketan bota bako bi bertsoak.
Hauxe zan egoerea: Etxahun Lekue geratu da kartzelako lanari lehenengo ekiteko, eta gu han joan gara kartzelara (ni eta lagun egin deustien Larrabetzuko bertso eskolako mutil majo bi; atsegingarri da bien naturaltasuna eta irria). Lau berba egin doguz eta, besteak beste, kontau deutset arin akabetako gogoa daukadala. Emon deuskue abisua: barrura. Gaia: atea itxita topau dozu.
Buelta bat, bi... eta ez jat istoriorik etorri, buruan atetzar marroi bat baino ez nenduan ikusten, irudi bat baino ez, baina atea legez garuna blokeauta neukan. Eta zer bota dot? Ezer bere ez: Zortxiko txiki bi, betelan tontoan. Hortxe igarri dot entrenamendu faltea.
Ba... orduan etorri ez jatazanak gabaz etorri jataz, ohean bueltaka:
1)
Kartzelarako bidean
pauso on seguruan,
zer gai suertauko ete zan
nerabilen buruan.
Txokoko atea itxita
topau ta: apuruan!
Ondora begiratuta:
inor bez inguruan!
Nire aldarria entzun da
lurrean ta zeruan
Ta Etxahun txapela eskaintzen
dabil jada barruan.
2)
Ai txoko barruko bero,
gozo eta zirrara.
Hor dana da aupa, biba,
ta txalo zaparrada.
Baina inork ez dau entzuten
nire ateko danbada...
Behingoz ekinari itxi
behar deutsat, beharbada.
Izan bere ezer argi
badago hau da, hara:
nik kantau edo ez kantau
txapela berea da!
Bai, bai, bai: badakit. Ez dozu zeuk esan beharrik: daborduko berandu da. Bertsook han kantetekoak ziran, eta ez 48 ordu geroago idaztekoak. Hori dauka bertsoak: bapatekoa izan behar dauela. Baina buruak bere hori dauka: ezin dala kontrolau, eta istorioa ekarri behar ebanean ez ebala ekarri, eta lotarako deskonektau behar ebanean, oduan ekarri dituala bertsoak...
Bai, bai, bai: badakit. Bertsook ez daukie daborduko baliorik, baina, niri aste-akabuko atea zarratu eta asteari atazak egin dodazalakoan ekiteko balio izan deustie.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!