Tupperraren gatxa
2015-12-16 16:12Edade batera ezkero ajeak eta penak, eta gatxak eta sindromeak, agertzen hasten ei dira. Horreetako bat da, kasu baterako, seme-alabak etxetik joandakoan datorrena: habia hutsaren sindromea. Bada, sindrome horregaz lotuta dago, nire ustez, tupperraren gatxa.
Edade batera ezkero ajeak eta penak, eta gatxak eta sindromeak, agertzen hasten ei dira. Horreetako bat da, kasu baterako, seme-alabak etxetik joandakoan datorrena: habia hutsaren sindromea. Bada, sindrome horregaz lotuta dago, nire ustez, tupperraren gatxa.
Ez dakit oso ohikoa dan munduan zehar, baina inguruan egin dot galdeketea eta, gurean bai, zabal dabil tupperraren gatxa. Ez, ez da dana tupperretan gordeteko obsesinoa, ez eta tupperrek atzetik segika daukazuzala eta amesgaiztoei ezin eustea bere, ez.
Tupperraren gatxa, lehentxuago esan dodan modu-moduan seme-alabak etxetik joan osteko habia hutsaren sindromeagaz lotuta dago, eta, antza, behin seme-alabak galdu dirala onartuta (edo ez), eta ondino bere norberak elikatzen dituan seguridadea eukinda, norberaren sukaldeko tupperrak bertara bueltau beharraren beharrak eragiten dauen ansiedadea da. Sintomak: ekarri tuperra atzera; ez deustazuz joan zan asteko tupperrak bueltatu, behin eta barriro errepetidutea; edo, hiru-lau hilebete pasau eta bat-batean deitu beharra, hauxe esateko: ondo begitu egizu, eze, nik halako eta bestelako tupperra daukat galduta, eta seguru nago zeuk daukazuna.
Inguruan galdetu dot eta uste baino zabalagoa da gatxa, eta uste baino arazo gehiago eragin izan ditu familietan. Rakelek dino tupperraren gatxak eragindako etxeko bronka handi horreek ekidin guran, hilero-hilero erabili eta botateko erretilu eta ontxiak erosten deutsozala amari, eta horreetan ez bada, ez dauela amaren jatekorik eroaten berera; antza, hainbat diskusino eragin izan dauz eurenean bidean zein etxeko armairuetan ahaztutako tupperren batek.
Eta... ez, amarenetik jatekorik ez eroatea ez da konponbidea (baten bat hori pentsetan ibiliko da daborduko eta), amari jatekorik ez daroazula esateak kalte handiagoak eragin leikez, oraindino ikertu barik badago bere. Halan da ze, ondo pasau, gitxi gastau, on egin, eta tupperrak amari.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!