Itzultzen ari gara
2015-11-16 11:41Itzultzen ari gara, itzulpenari buruzko lantegi multidiziplinarra izan zan orain asteburu bi: hizkuntzalariak, itzultzaile-interpreteak eta artistak batu zituan. Nork bere ikuspegitik egin eban itzultzearen ganeko gogoetea.
Itzultzen ari gara, itzulpenari buruzko lantegi multidiziplinarra izan zan orain asteburu bi: hizkuntzalariak, itzultzaile-interpreteak eta artistak batu zituan. Nork bere ikuspegitik egin eban itzultzearen ganeko gogoetea. Astean zehar lanpetuta gengozala eta geu Myriam Suchet quebectar Paristartuaren berbaldira gerturatu ginan zapatuan: Traduire l’heterolinguisme en indiscipline izenburua eukan (Hizkuntza-aniztasuna indiziplinan itzuli): testu berean agertuten diran askotariko hizkuntzen azterketan da aditua Myriam Suchet.
Quebec eta Euskal Herria batzen dituan harremanez ibili zan hasieran. Gero, joko polita egin eban: hizlariak interpretearen lekua hartu eban, eta alderantziz. Interpreteak bere lanbide-esperientziaz egin euskun berba, eta edertasun platonikoa bitarteko espazio horretan, interpretearenean, topau izan dauela autortu eban; horrezaz ganera, interpreteak autortu euskun inorena ez dan espazio horrek bere bizimoduan ederto enkajau dauela. Azkenik, berbaldiaren zatirik mamitsuenari ekin eutson hizlariak: heterolinguismoa edo testuko hizkuntza-aniztasuna continum bat balitz legez definidu eban, irakurgarritasunaren eta ikusgaitasunaren atalaseen artean.
Aurrekoaren bidetik, heterolinguismoa ez da testu batean hizkuntza bat baino gehiago agertzea, bestetasunaren jarraikortasuna errepresentetea baino; ez da kontua hizuntza bera aldatzea bakarrik, antzezte- edo antzeratze-auzi bat sartzen da jokoan. Orduan, testu berean hizkuntza bat baino gehiago agiri diranean, itzulpena ez da zubi bat; orduan, itzulpenarentzat definizino barri bat behar da; orduan, itzulpenaren ez-lekua definidu guran ibili zan hizlaria: itzulpena da indiziplina bat, imaginario bat, fantasia bat. Eta irudiak deskodetzeko pentsamenduaren software moduko bat ez ete dan, forma bera osotuta zabaltzen dan kristala ez ete dan, efektu bat itxuratzeko egindako irudi bat ez ete dan (alde batetik begiratuta andra zaharra emoten dauena, bestela begiratuta printzesea emoten dauena, baina biak batera ikusi ezin diran horreetakoa)... Indiziplina eta itzulpena erreferentzia baten aldean harreman-sare bat ez ete dan, testu baten materialidadea, soziatibo bat, ohiartzun bat, distorsino bat, erreberberazinorako atmosfera bat, espirala... Itzulpena ez ete dan afektu-puntu bat, beste ikuspegi bat barruratu daigun jabetzan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!