Agurrik ez, Paris

Erabiltzailearen aurpegia Ardi Txikia Beti Bildots 2015-10-07 15:51

Parisetik joanda bere han geratu naz, eta Paris neugaz ekarri dot.

Ez naz agurtu, ez dot jakin zelan egin, edo ez jataz agurrak gustetan. Agurtu ez izanak esan gura dau, beharbada, neurri baten beragaz geratu nazala, neure zati bat beragaz geratu dala. Eta halan ei da: bere zati bat zeugaz eroan eta zeure zati bat beragaz geratzen da uri bat ixten dozunean.

Parisetik joanda bere han geratu naz, eta Paris neugaz ekarri dot. Ez dodaz azken egunak pasau beti bisitau gura eta geroko gero itxita bisitau ez dodazan erakusketetan ilarak egiten. Ez dodaz azken egunak igaro txokoen zein lagunen argazkiak egiten. Ez dodaz azken egunak igaro koadernoan oharrak hartzen, testuren bat idazteko; izan bere, Hemingwayren berbak etorten jatazan burura: ez egizu leku batez idatzi handik urrun zagozen arte. Halan da ze, egunerokoan emon dodaz akabuko egunak, inori eta ezeri agur egin barik. Eta halan, agur egin barik, alde egin dodan ezkero, hantxe jarraitzen dodan sentipena bere badaukat, eta behin eta barriz egiten dodaz neure, atzera bere, Hemingwayren berbok: Gaztetan Parisen bizi izateko subertea izan badozu, gero Parisek lagun egingo deutsu, zoazen lekura zoazela, bizi osoan. Eta ez zara egundo bere turista legez ailegauko argien urira, Paris ez da egundo bardina izango, Paris izaten jarraitzen badau bere.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu