Gustu barriak
2015-09-25 02:16Zenbat aldatu diran gauzak... eta zelan gustetan jakun, halan be, etxera bueltauta hango janaz bete-bete egitea.
Taloa tomateagaz eta gaztaiagaz jan ebala eta Italiatik zurtz eginda etorri zan andra nagusi haren berbakaz akordau gara; izan bere, gure jatekoak zelan egokitu doguzan eta eguneroko menuan gustu barriak zelan sartu doguzan izan dogu berbagai. Pizzeaz eta kiwiez harago (horrek zelan ailegau ziran gogoan daukagu), pentsetan dot etxekoak harrituta itxiko genduzana aste honetako menuaren barri emon bageuntsie...
Inoiz edo behin galdetu dabe eta... Daborduko (badaezpada) ez deustie lehen dei bakotxeko egiten eustien itaun ha egiten: gaur zer jan dozu, ba? Han gure etxe ondoko dendatan zein plazan erosten dan generorik hemen ez egoteak be badauka eraginik, zelan ez! Izen bereko elikagaietan hasten da aldea: alde ederra generotik generora! Baina izen berekoak ez diranak bere sartzen dira orain saskian.
Andra harek pizzea zer zan jakin ez eta oporretan joanda lehenengoz probau ebanekoa ez da denporan hain asagoko kontua be, arestian esan dodan moduan, guk geuk akorduan daukagu, seguruenik, noz eta non jan genduan lehenengo talo-tomate-gaztai italiar ha.
Baina etxetik kanpora gabizanetik, arean gehiago dira erosketa-zerrendako osogai barriak. Haragi-bolak edo hanburgesak egiteko okelea takoetan sartu dogu (bedar, hauts zein saltsa barriakaz), edo Axoa bihurtu; hegaluze lata hutsak zein untau egiteko tomate-bonito hareek bestelako konserba-lata bihurtu dira: sardina-limoi-azeituna-almendra nahastea, bonito-kurry-ikopasa patea... eta kurryaz gabizala, urrun geratu da platera beilegi itxiten eban hauts ha, pasta eginda erosten deutsagu orain Indiatik etorritako merkatariari. Esnegainaz loditutako saltsea koko-esneagaz loditzen dogu orain; dilistatako txorizoa izokinagaitik kanbiau dogu (eta lenteja laranjak hartzen doguz orain); arrozaren ordez kouskousa darabilgu; gisaduaren saltsea arbiagaz loditzen dogu; eta... dilistak hotz jateko kastiguaz be akordetan naz lenteja eta izokin ensaladea preparetan dogunean.
Zenbat aldatu diran gauzak... eta zelan gustetan jakun, halan be, etxera bueltauta hango janaz bete-bete egitea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!