Barrio

Erabiltzailearen aurpegia Ardi Txikia Beti Bildots 2015-09-14 11:49

Barrioko bisitari udatiar bihurtu diranentzat, Barrio oporraroa da, eguneroko langintzan begiak itxita gogoratzen dana.

Barrio maiuskulaz idazten da, ez da auzoa minuskulaz, ez da auzo bat, Arabako Gaubea osotzen daben herrietako bat da. Espejon gora egin behar da bertara ailegetako, errepide estu, malkar eta kurbatsuan gora; bertara joanda baino ez dozu topauko, ez dago inorako bidean, bertan akabetan da ibilgailu arruntentzako bidea. Oinez bai, oinez segidu zeinke, herria inguratzen daben atxetara, garai bateko asentamenduen aztarnetara, ermitara, mendien arteko bideetan behera eginda erreka ondoko lautadara, inguruko garaitiko herrietara... Ardiak jagoten dituen txakurrek, behiek eta harrapariek urtengo deutsue bidera, agur egiten.

Ibilgailuak herritik harako parajeetara ailegetan ez badira, are gitxiago Internet; sarri herrira bere ez da ailegetan. Landetxea eta tabernea ipini dabe gazteek herrian, eta bertan bai, wifia badago; bertara hurreratzen dira sarera konektau gura dabenak, eta taberna bihurtu da orain erdigunea. Herriko whatsapp-taldea bere sortu dabe, eta halan dakie batak bestearen barri, edo halako txakurrek auzokoarena zauritu eta albaitariak etorri behar izan dauala, edo pintxo-potea noz eta non egongo dan... Adindunek ez dabe ez wifirik, ez whatsappik behar, lehengo eran egiten dabe etxez etxeko komunikazinoa: leiho batetik bestera, edo auzokoaren atea jota. Ateak, sarri, zabalik dagoz, edo giltzak ipinita.

Orain, udagoien eta neguan nagusiak baino ez dira bizi bertan, eta tabernea asteburuetan baino ez dabe zabaltzen, eze, gazteek ogia irabazten urten eben herritik, nekazaritza zan euren urtenbidea bertan, edo ganadua, baina harek ez ei eban etxeko guztientzat emoten eta ikasketak zein beste lanbide batzuk hartu gura zituen; egun, udapasa etorten dira, senideak bisitetan, lehengusuei tabernan lagunduten, kapitaletik deskonektetan... bardin Gasteiztik, bardin Cordobatik. Eta ogi bila kanpora joan behar izan eben hareei, ogia ekarri egiten deutse udan, ber-bertaraino: bozinea joten dau okinak, danetarik dakar, ogia, gozokiak, arrautzak... Okinak legetxe egiten dau arrain-saltzaileak, bai eta izozkidun kamioneteak bere (azken horrek jotak bolumen maximoan ipinita).

Herriko kanpaiek emoten dabe ordua eta, lantzean, umeren batek bere eragiten deutso sokeari (behin bakarrik, amak ez deutso gehiago itxiten...). Umeak bizikletan dabiz gora eta behera, taberna aurreko kanastan, masustak batzen... eta itsasoa urrun badago bere, ez da ez urik, ez gatzik falta: bainua Espejoko ugerleku naturalean hartzen dabe, eta gatza, barriz, zenbat gura dago alboerrian, Añanako gatzagan. Barrioko bisitari udatiar bihurtu diranentzat, Barrio oporraroa da, eguneroko langintzan begiak itxita gogoratzen dana.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu