Bidaia bat umezarora

Erabiltzailearen aurpegia Ardi Txikia Beti Bildots 2015-08-29 16:53

Inoz alkarrizketa etnografikoren bat egiten badeuste, urteetan gora egin eta gazteai gure bizimodua zer izan zan interesau eta euren adindunen ohiturak batu eta gaika antolatzen baditue, umeen jolasen barruan sartuko dira masusta-batzeak.

Gehiago edo gitxiago, umezaroko akorduak etorten jakoz bati lantzean-lantzean. Akordu batzuk gogoetan etorten dira, eta beste batzuk ekinean: izan bere, umezarora bidaian eroaten gaituen ekintzak dagoz, eta halako hiru suertau jatazan joan zan astean. Gura barik, umetako sasoi hareek etorri jataz gogora: masustak batu dodaz joan zan astean; eta Artxandara igon, gauez, bertatik Bilboko su artifizialak ikusteko; eta Errioxara joan naz ardaotan aitita eta osabeagaz. Inoz alkarrizketa etnografikoren bat egiten badeuste, urteetan gora egin eta gazteai gure bizimodua zer izan zan interesau eta euren adindunen ohiturak batu eta gaika antolatzen baditue, umeen jolasen barruan sartuko dira masusta-batzeak.

Gu geu taldean joaten ginan uda akabuan, eta gero lagun batenean batu eta lapikokada mermelada egiten genduan, potoetan sartu eta banatzeko. Jaietako ohituretan sartuko neuke Artxandara igon eta suak ikustearena. Baina, ordukoaren aldean, orain argitsuagoak dira, bai suak, bai Bilboko kaleak, eta batzuetan suak eta herriko argiak nahasi egiten zirala iruditu jatan. Ardao bila joatearena... urteroko ohiturea. Umetan garrafoiak kotxean kargauta joaten ziran osabea eta aitita; orain, tetrabrik handi-handietan emoten deutse ardaoa. Oraindino zabalik dago izen bereko bodegea, baina aldea dago bai tamainuan eta bai ardaoaren trataeran. Hori bai, ez ei da lar aldatu eskursinoa egiten daneko otordua, bapo-bapo janda bueltau ginan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu