Domino efektuak, performanceak eta euskeraz egitearren jasoten ez diran erantzunak

Erabiltzailearen aurpegia Ardi Txikia Beti Bildots 2015-06-15 17:28

Ez dakit Garitano efektua izango ete dan, Maddalen Iriarte efektua edo Lutxo Egia efektua, baia ni neu bere batzuetan ekintzaile jagiten naz, edo indartsuago, edo normalizatzaileago, edo prisa barik, edo hizkuntzaren bat ahaztuta...

Kasua da ze, domino efektua eragin ebala Gaizka Garitanok Almerian egindako harek: euskerearen normalizazinoaren, erabilerearen, parekidetasunaren eta ikusgaitasunaren aldeko jarrera aktibo harek beste hainbat ekintza eragin zituan (bere neurrian). Ez nabil eragin mediatikoez bakarrik, eragin txikiagoez eta domino-efektuz sortutako beste hainbat ekintzaz baino; kasurako, egun bi edo igaro ziranean, Garitanorena buruan, Maddalen Iriartek Bilboko taberna baten kafea euskeraz eskatu, hizkuntzea dala-eta ez dala erantzuna jaso, eta tabernatik alde egin ebala autortu eta zabaldu eban. Besteren batek bere egingo eban antzekorik.

Kasua da ze, joan zan astean Lutxo Egiak performancea hasi ebala: hilebetez biziko da hizkuntza hegemonikoa ahaztu daualakoan, Bilbon. Blog honetan emongo dau esperientziaren barri: http://www.berria.eus/blogariak/transitoak/. Bere idazketa- eta gogoeta-jardunaz ganera, Garitanorenaren antzeko efekturen bat sortuko ete dau ekintza horrek be... Artearen gizarte-funtzinoetako bat da eragitea, ala?

Kasua da ze, ez dakit Garitano efektua izango ete dan, Maddalen Iriarte efektua edo Lutxo Egia efektua, baia ni neu bere batzuetan ekintzaile jagiten naz, edo indartsuago, edo normalizatzaileago, edo prisa barik, edo hizkuntzaren bat ahaztuta... Eta, neuk bere, hizkuntza hegemonikorik ez erabilteko hautua egiten dot lantzean (normalean, protesta-ekintzea izaten da; beste asko eta asko eta askotan ez naz bape koherentea izaten, hori bere autor dot). Eta kasua da ze, berbarako, lehengoan inkesta bat egiteko deitu eustela (espainolez hasi ziran). Euskeraz izan ezkero egingo nebala erantzun neban (euskeraz). Telefono atzeko berbalagunak ez ei eban ulertu... en castellano esan eban. Euskeraz segidu neban nik... eta eskegi egin eustan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu