Kopleruek

Erabiltzailearen aurpegia Ardi Txikia Beti Bildots 2015-05-09 21:11

Kopleruek taldekako bertso-txapelketearen harian, lehenengo saioaren esperientzia motxilan daukala, itaun batzuk egin gura izan deutsaguz Jurgi Fuentes Goikoetxeari.

Kopleruek taldekako bertso-txapelketea dala-ta Bertsozale elkartearen webgunean leidu doguz Jurgi Fuentes Goikotxearen berbak. Joan zan barikuan izan zan hasierakoa, eta lehenengo saioaren esperientzia motxilan daukala, itaun batzuk egin gura izan deutsaguz:

Ekimen barria da Kopleruek taldekako txapelketea. Lehenago be baegoan txapelketea, eta baita taldekako sariketaren bat be. Baia, zer dauka berezi ekimen barri honek?

Geure kasuan esango neuke txapelketa hau berezia dala hutsune bat betetan daualako, hain zuzen be, bertso eskoletako munduaren eta ohiko txapelketa ofizialaren arteko hutsunea. Hasikeratik argi euki genduan informaltasunaren bidea jorratu behar genduala, eta beti be helburu nagusia ahaztu barik ibili gara: bertsolariek eroso kantetako aukerea euki egiela, lagun giroan entzuleakazko gertutasuna lortuteko. Saioak be beren beregi ipini doguz tabernatan, aurreko horreri beste bultzadatxu bat emoteko.


Zelangoa izan da antolakuntza-prozesua?

Antolakuntza-prozesua patxadaz eta danon iritziak kontutan hartuta egindakoa izan da. Beti izan naz aurretik ondo egindako esperientziak aprobetxetearen aldekoa, halan da ze, Nafarroako Bertsozale Elkarteko eragileari euren taldekako txapelketako egitura eta ariketak eskatu neutsazan, abiapuntu legez, eta hortik tiraka geure neurrira diseinatu dogu dana.


Zer berezitasun emoten deutso txapelketeari taldekako formatuak?

Batez be bertsolarien arteko hartu-emonak eta konfiantzea sankonduteko aukerea emoten dau. Saiora orduko taldekideak euren artean batuten dira agurra alkarregaz prestatuteko eta beste taldeakaz pike sanoa sortuten da bromatan: geure agurra zeuona baino hobea izango da, alperrik dozue ensaio gehiago egitea.


Bizkaiko txapelketako antolakuntzan be ibili izan zara, eta, berbarako, haren aldean, bestelango inplikazinoa igarri dozue antolatzaileen, bertsolarien zein entzuleen aldetik?

Kopleruen txapelketea famili arteko giroan egin da eta horrek berez-berez dakar inguruko jenteak be prestutasuna erakustea. Geuk be zeozer behar izan ezkero ez daukagu ezelango arazorik laguntzinoa eskatuteko.


Ligaxka moduan antolatu dozue: lau talde dagoz burrukan. Zelan atondu dira taldeak eta zer lan daukie egiteko?

Talde bakotxak beste danakaz abestuteko erea eduki dagian, sei saio atondu doguz, hiru egunetan; egun bakotxean saio bi egiten dira, taberna banatan, tartean koputxu bat eginda. Taldeak zelan orekatu pentsetan gengozala, konturatu ginan taldeak bizilekuaren arabera  egin ezkero nahiko parekatuta egoazala, eta halantxe egin genduazan. Taldeai izena emoteko be aprobetxau genduan herriaren atxakia: Gamizko Harroak, Mungiko Lapurrek, Larrabetzuko Akarrak eta Sasi-Lezamarrak. Saio bakotxean era askotako ariketak egiten dira: bakarka, binaka, launaka... Talde biek be alkarregaz egiten dabe ariketa bat. Saioak lau bloke daukaz, eta bloke horreen arabera emoten da epaia.


Eta hain zuzen be epaile-beharretan entzuleak ipini dozuez. Zelan emoten dabe epaia?

Entzule bakotxari esku-orri bat emoten jako eta ariketa-bloke bakotxean talde bateri edo besteari emoten deutso puntu bat. Epaia baino ekitaldia bera indartu gura izan dogunez, agurrari edo danen artean egiten daben puntukako ariketeari ofizio biri eta bakarkakoari batera emondako balioaren beste emon deutsagu. 


Eta, zu zeu epaile lanetan ibilten zaran aldetik, zelan ikusi zenduan atzoko epaia?

Aurreko horren haritik hor daukadaz esku-orri danak batuketak egin barik, gaur gaurkoz inok be ez dakigu oraindino talde bakotxak ze puntuazino batu eban. Aurreratxuago emongo dogu epaiaren barri.


Kopleruak izenari men eginda, koplatan egingo dabe bertsolariek ba

Halan da, bai, batez be koplatan; horrek kontu-kontari ibiltean adierea be badauka, kar-kar. Koplatako ariketak trikitixearen laguntzinoagaz egiten doguz lelodun doinuak aukeratuta, entzuleek be abestu dagien. Oso eraginkorra izaten da giroa berotzeko.


Lehenengo saioan zelangoa izan da bertsolarien eta entzuleen erantzuna?

Bertsolarien erantzuna oso ona izan da, bai bertsoen maila aldetik, bai jarrera aldetik be: danak egoazan umoretsu eta entzuleakaz konektetako prest. Entzuleei jagokenez, egia esan bageunkan beldur apur bat, batez bere lehenengo saiorako. Arrastiko seietan izan zan eta aro ona egoan taberna barrura sartzeko... Halan da be, ganezka egon ziran taberna biak.


Badaukazu atzoko saioko anekdotarik edo gorabeherarik esateko?

Estualditxo bat euki nenduan lehenengo saioa hasi orduko: epai-orriak bananduten akabau eta ez nintzan ba konturatu bigarren saiorako hiru baino ez zirala sobrau!. Fotokopiak atarateko lekurik ete egoan galdetu eta karraderan joan-etorria eginda izertzan egon nintzen saioa amaitu arte.


Aurreko saioetarako aurreikuspenik? Kinielarik?

Atzokoa ikusita aurreikuspena oso ona da, seguru saioak onak izango dirala eta gero eta jente gehiago hurbilduko dala. Hurrengo saioa Gamizen izango da, eta zapatu arrastiz izango dala aprobetxatuta eguerdian parte-hartzaile eta ingurukoak txokoan batuko gara bazkaltzen. Seguru horrek be lagundu egingo dauala motorrak berotzen.

Eta, antolatzaile nazen aldetik, kiniela neuretzako gorde beharko dot...


Larrabetzu, Gamiz, Mungia... Ondo urten ezkero ekimena zabaltzeko asmorik bai?

Nahiko posiblea da beste herri batzutara be zabaldutea, bai. Gure eskualdean bertso zaletasuna nahiko errotuta dago eta aukera asko izaten doguz holako gauzak egiteko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu