Lur azpiko Paris

Erabiltzailearen aurpegia Ardi Txikia Beti Bildots 2015-04-25 14:06

Mundu paralelo bat, lur azpian, argien uritik 30 metro behera.

Lagunak esan deust: “Eta hau? Hau ez dabil beharrean, baia”. Estoldan gora urten dau mutil batek, atzean, beste bik. Estolda zarratu eta tranbia-geltokira etorri dira hirurak.

Linternak sartu ditue motxilan, eta zapatila zikinak aldatu. Zur eta lur geratu jat laguna. Nik, zeozerentzun izan dot, bai, baia ordura arte ikusi ez: cataphile izenekoak dira. Normala ikusi ez izana: ezkutuan ibilten dira-eta, poliziarengandik iges. Eze ez da legezkoa katafiloen edo katakunbazaleen jarduna: Paris azpiko galerietan ibilten dira.

Katakunbazaleak ez dira bisitari arruntak, eta Paris azpia bisitatzeaz ganera (eta bisita gidatuak antolatzeaz) ganera, galeria-sarea zaindu, berregin, esplorau, atondu egiten dabe, bai eta lur azpian kultur era arte ekitaldiak antolatu be. Dokumental bat be badago gaiaren inguruan.

Batek esaten eban, ba, Paris ez dala egundo akabetan… eta egia hutsa da. Azaleko mugabakotasuna lur azpira eroanda are gehiago. Metro-sareaz eta estolderia-sistemaz ganera, askotarikoak dagoz han behean.

Erromatarrek Paris eregiteko ustiatu eben kareharrizko meategiaren aztarnak han behean dagoz; lurpeko tunel horreek hazurtegi be izan ziran XVIII. mendearen akabuan, izurriteek hilerriak hartu zituenean. Napoleonek be eregi zituan katakunbak, babeserako. Eta gerora, XX. mendean, hainbat eta hainbat paristar gorde ziran lurpean, naziengandik iges. Naziek eurek be han eukien bunker handi bat. Orain, katakunbazaleak ibilten dira han behean (eta poliziak, eta geologoak).

Katakunbazaleak batetik bestera dabilz, bisitan batzuk, jai-egiten besteak (musika ekipoak lepoan eroan eta bertan instaletan ditue). Film-emonaldiak be egiten ditue inoz. Areatza esaten deutsen gela handi baten egiten ditue, antza, jairik handienak.

Ondo preparauta bajetan dira katakunbazaleak: argia, kandelak, jatekoa, noz sartzen diran jakiten dabe, bai, baia noz urten ahalko daben ez. Kode eta arau bereziak segiduten ditue, eurak dira hango jaunak, eta eurak baino ez ditue ezagutzen bertako mapak. Eurak dira tunel barriak esploretan dituenak (batzuetan submarinismoa egiteko materialagaz joan behar izan ei dabe). Mundu paralelo bat, lur azpian, argien uritik 30 metro behera.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu