Eztia
2015-04-11 23:40Eztia erregalu polita da; sinbologiaz betetakoa, ganera. Funtsezko elikagaia da eztia, aberastasunaren, osotasunaren, eta, batez bere, gozotasunaren ikurra.
Bi persona baino ez dodaz ezagututen eztia oparitu izan dabenak. Urte batzuk badira bertsolari eta lankide batek beste lankide bateri ezti-poto bat opesten ikusi nebala, eta aurrekoan neure txandea izan zan: ikasle atzerritar batek ezti-poto bat opetsi eustan, bere unibersidaderako behar bategaz lagundu neutsala eta. Erregalu legez ekarri izan deuste ardaoa, txokolatea, tea, gozokiak baina hauxe izan da eztia oparitu deusten lehenengo aldia.
Eztia erregalu polita da; sinbologiaz betetakoa, ganera. Funtsezko elikagaia da eztia, aberastasunaren, osotasunaren, eta, batez bere, gozotasunaren ikurra. Hilezkortasunaren edabea bere bada. Txinatar kulturan, antza, lur elementuagaz lotuta dago, bai eta zentralidadeagaz bere, eta horrexegaitik, enperadorearen jatekoen saltsetan beti ei egoan eztia. Jakituriaren jatekoa bere bazan, antza: greziar mito batek dinoanez, Pitagorasek eztia baino ez eban hartzen elikatzeko. Budistek doktrineagaz lotzen dabe eztiaren gozotasuna: errezua, eztia lakoa da: gozoa, atsegina. Islamiarren iruditegian eztiak bistea ekarten deutso itsuari, eta amerindiarren osasun-erritoetan bere funtsezko elikagaia da: purutasuna eta emonkortasuna dakar.
Hainbat eta hainbat ipuinetan agertzen da eztia: sierpeari eztia eroaten ei jakon, kobazuloan geldi egon eta urten ez egian; laminek eztia urregorri bihurtzen dabe on egiten daben personentzat.
Ipuinak ipuin natorren egunerokora: erregalu polita da ezti-potoa, gozoa eta osasungarria.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!