Arte garaikidea: pentsatzeko espazioak sortzen

Erabiltzailearen aurpegia Ardi Txikia Beti Bildots 2015-03-31 13:26

Letren fakultadea da gurea, eta ederto ibili ginan Artearen hizkuntzaz, artea laguntzen daben berbez, fonetikearen poetikaz, sintagama begetalez, Lerro artean, negoziazino-mahaietan, orri zuriaren beldur, artelanen izenburuez, afixetako mezuen kontrakoa adierazten daben mezuak sortzen eta abar eta abar eta abar.

Arte garaikidea: pentsatzeko espazioak sortzen izena ipini geuntson asteon Sorbonne Nouvelle Parisunibersidadean antolatutako jardunaldiari. Jardunaldia bertako lektoreon artean antolatu dogu. Unibertsidadeak eta Etxepare Institutuak kudeatzen dabe euskara lektoretzea, bainajardunaldiotarako EHUren laguntzea be euki dogu: Lorea Alfaro eta Jose Angel Lasa irakasle eta artistak bialdu deuskuz ordezkari. Marga Berra Zubieta izan da Euskal Herriko hirugarren partaidea, Paris eta Hendaia artean saltoan dabilen grafista gaztea. Galiziatik: Misha Gola; Kataluniatik: Marta Ponsa eta Alicia Koff.

Artiston proiektuen ganeko gorabeherak entzun eta ikusita (Power point santuak funtsezko garrantzia euki eban), Galiziako, Kataluniako eta Euskal Herriko arte garaikidean murgildu ziran gure ikasle eta artezaleak, pintura, argazki, ehun, eskaner, kopia, paper, kubo eta abarren artean (zuhaitzaren abarrak esan gura dot, eta ez eta abar).

Pentsatzeko espazioak sortzea zan jardunaldiaren asmoetako bat, eta hain zuzen bere, Jose Angel Lasak azpimarratu ebanez: “Filosofoak pentsatu egiten dau, zientzialariak pentsau egiten dau, eta artistak pentsau egiten dau. Nork bere tresnak daukaz, eta egungo gaien inguruan pentsatuta sortzen da arte garaikidea, nork bere pentsamendua eraikita, besteak beste, konektibidadeari esker (eta horrek ez dau esan gura derrigorrez internetera konektatuta egon beharra).

Artearen bidez adierazi egiten dira natureagazko eta kultureagazko daukaguzan harremanak, eta, hain zuzen bere, natur antropisatua eta ultur naturizatua dira Lasaren lanaren oinarriak.

Pentsamenduari forma emoten deutso artista garaikideak, eta askotan gatxagoa da horri buruz berba egitea arte-lana egitea bera baino. Hori dino Lorea Alfaro irakasleak: artea egiten dogu, hain zuzen bere, berbarik ez egiteko.

Naturalagoa eta errezagoa ei da artea egitea arteaz berba egitea baino; halan izanda bere, ederto adierazi zituan berbaz ideiak Alfarok, kasu baterako, artearen bidez inguruan daukaguzan hainbat eredu aldatu leikezala. Ondo gogoan geratu jat bere lanetako bati eskerrak, esate baterako, tuneletan inoiz gertatzen ez dan zeozer lortu ebala lizarrarrak: tunelaren tetxua argiztatzea). Batzutan ez da akabuan lortutako emoitza hasieratik eukiten buruan, eta prozesua bera arte-lanaren garapenerako bidea da: lan batek beste batera eroaten zaitu, lanak berak eboluzino bat dauka...

Prozesu hori dibertimendua bere izan daiteke, dudarik barik: Artea jolasa izan daiteke, eta alderantziz (Jose Angel Lasa). Hitzakaz olgetea da, hain zuzen bere, Marga Berraren sorkuntzearen abiapuntua: hizkuntza-aniztasunak eta ezbardintasunak batasuna dakar bere beharrean. Sea (en)/si (es) edo bi (eus)/be (en) edo hourra (en) / hurra (eus) moduko berba homofonoak darabilz sorkuntzarako. Hitzon itzulpenai begitu eta askotan konexino barriak sortzen dira, eta hitzen sarea zabaldu eta zabaldu egiten da, eta berbok erabilita poema antzeko esaldi eta esloganak idatzi eta afixak eginda egikaritzen dau arte-lana Marga Berrak:

Letren fakultadea da gurea, eta ederto ibili ginan Artearen hizkuntzaz, artea laguntzen daben berbez, fonetikearen poetikaz, sintagama begetalez, Lerro artean, negoziazino-mahaietan, orri zuriaren beldur, artelanen izenburuez, afixetako mezuen kontrakoa adierazten daben mezuak sortzen eta abar eta abar eta abar.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu