Alkarrizketea Aziti Bihiako lagunai, lapurtera klasikoz idatzitako lehenengo testuaren aurkikuntzea dala ta

Erabiltzailearen aurpegia Ardi Txikia Beti Bildots 2015-02-21 14:16

Aziti Bihia filologo eta hizkuntzalari taldeak aurkikuntzea egin dau: Estebe Materraren doktrinearen lehenengo edizinoa topau dau Danimarkako Errege Bibliotekan. Lapurtera klasikoz idatzitako lehenengo testua da.

Lehenago be ekarri izan dogu Aziti Bihia taldearen barri blog honetara, joan zan udan emon eben ikastaro baten harira. 

Orduan be ba ebilzan gaiaren inguruan beharrean. Bada, igarri-igarria da lanean segidu dabela, eze asteon barria ekarri deuskue: topau egin dabe galdutzat emondako 1617ko edizinoa, lehenengoa. Bizkaie!-k be agertu dau aurkikuntzearen barri.

Taldearen lanari hurragotik segidu guran, itaun batzuk egin deutseguz taldekideai:


-
Ez da ohikoa izaten testu zaharrak topetea eta zabal dabil barria komunikabideetan. Hainbesteko oihartzuna espero zenduen?

Ez hainbestekoa. Barri ona izan da eta bagenkian oihartzunik eukiko ebala, baina ez hainbesterakoa. Dozenaka hedabidetan agertu da kontua, egunkarien azaletan. Lazarraga ezkero, eta bi aurkikuntzak parekatu barik ha askoz be inportanteagoa izan zalako, agertu dira beste testu interesgarri batzuk, baina ez dabe hainbesteko oihartzunik euki: Lubieta donostiarraren hiztegia, Erronkari eta Zuberoa arteko gutun sortea edo Lapurdiko kostaldeko gutun bildumea aitatu leikez, baita testu laburragoak be: Sarasketa hiztegitxua, Koldo Ulibarrik Sevillan topautako testua… Materra lapurtera klasikoko lehenengo idazlea izateak lagundu dau, zalantza barik, baita bere obrearen lehenengo edizinoaren inguruan, desagertuta egoala eta, sortu dan jakingurak be.


- Gatxa da topetea, baina topau dozue. Halan be, kasualidade hutsa be ez da izango, ala? Dabilenak topetan dau. Holangoak leidu ditugu atzo eta gaur: Inork ez dauka kuriosidaderik? Zer ebilzan, Danimarkan oporretan eta bibliotekatik pasauta esan: aikor, sartu egingo naz ia euskerazko libururik dagoan.  Zer daukazue esateko holango harridura-berben aurrean?

Halako aurkikuntzak bi faktoreren menpe egoten dira, normalean: ikertzaileak katalogoetan, bibliografietan eta parekoetan bilaketak egiten pasaten dituan orduen menpe, eta suertearen edo kasualidadearen menpe. Emon zeinkez hainbat eta hainbat ordu hemengo eta hango katalogoetan gauzak aditzen, eta ezer bez topau. Beste egun batean 'Materra' sartzen dozu, ohiko 'Materre' sartu beharrean, eta han agertzen jatzu azken hirurehun urteotan galdutzat emoniko obrea, txukun-txukun gordeta XVIII. mendea ezkero. 'Materre/Materra' hori izan zan gakoa: ikusia genduan bigarren edizinoko baimen batean 'Materra' aitatzen zala, eta halako batean halan bilatu eban Dorota Krajewskak… Izenburuan be kontsonante bateko aldeak dakar liburua topetea edo ez topetea: bigarren edizinoa Dotrina Christiana da eta halan bilatu izan da; lehenengoa, aldiz, Doctrina Christiana da, eta halan bilatuta agertzen da.


- Katalogo bidez jakin zenduen testua han egoala. Baina, euskerazkoa zana markatuta etorren?

Ez. 'Hizkuntza ezezaguna' etiketea eukan liburuak eta ganerako datuak portadatik hartuta egozan, baina zehaztasun handirik barik; kasurako, argitaratze leku legez, 'Bordelen' aitatzen zan. Katalogazino-lanean lagundu deutsegu liburuzainai kontu horreetan bai liburua topau genduanean, bai gerora: orain behar dan legez agertzen da, eta errazagoa da topetea.


-
Nondik nora hasi zinien Materraren lana aztertzen?

Azken urteotan hutsune batzuk konpondu badira be, oraindino be euskal testu zahar eta klasikoen edizino onak falta dira: gehienenak. Edizino on bat eukitetik ez eukitera alde handia dago autore bat aztertu nahi danean. Orain dala pare bat urte erabagi genduan talde-lanean hastea edizino lanen bat, eta azkenean Materra aukeratu genduan: lapurtera klasikoko lehenengo autorea da, lehenengo euskaldunbarria, azken hamarkadetan Euskal Herrian erabili diran kopiak eta edizino faksimilak eskasak zirana. Eta halan hasi ginan, liburuaren edizino ezagunetan zaharrenagaz beharrean: bigarrenagaz, 1623koagaz. Oxfordera joan ginan liburua esku artean ibiltzera eta hainbat zalantza eta transkribapen zein zuzenketa oker arteztera. Bigarren edizinoaren beharrak amaitzen egozala, lehenengoa topau genduan.


- Testu hau topau izanak zer ekarpen egiten deutso euskal filologiari eta literaturari?

Euskerearen historia aztertzeko badaukagu arazo handi bat: testu gitxi doguz, lekukotza gitxi dagoz; beraz, edozein testu labur agertzea oso pozgarri eta lagungarri da historiazaleontzat, beti ekarten dauelako ñabardura edo datu barriren bat. Zer esanik ez testua luzea danean. Materrari jagokonez, alea aurkitzeak azken mendeotakotako hutsune bat betetzea ekarri dau. Ganera, badago alderdik lehenengo edizinotik bigarrenera, eta ematen diran datu batzuk interesgarriak dira, bai obrearen testuingururako, bai garaiko egoera soziolinguistikoa hobeto egazutzeko; kasurako, lehenengo edizinoan bakarrik aitatzen da haurrai begira eginiko obrea dala, eta horrek esan gura dau orduko denporako Lapurdin baegoala euskeraz ikasterik. 1617ko alea agertu arte, lehenengo edizinoaz pentsau diranak 1623ko edizinotik (bigarrenetik) begira pentsau dira, eta orain hipotesi horreek guztiak berrikusi behar dira. Materraren hizkerea aztertzen gabiltz orain, eta hortik bere atarako dogu zer esanik: gatxa da sinesten ze ondo ikasi eban euskerea hain denpora gitxian. Materreren obran agertzen da bi-hiru-lau hamarkada geroago 'loria betea' lortu eban hizkerea.


-
Egina dozue lehenengo edizinoaren eta lehendik ezagutzen ziranen arteko alderaketea?

Bai, eta aldeak dagoz; aitatu doguz batzuk. Edizinoen konparazinoak bidea emoten dau obrearen bilakabidearen historia ikusteko: ze edizino hartu zan oinarri lez edizino barri bat egiteko, ze aldatu dan edukiaren aldetik. Hizkuntzearen bilakabidearen eta sasoian sasoiko estilo-ohituren barri eukiteko be balio dau konparazinoak. Lehenengo edizinoa edizino zaindua da, errata gitxikoa. Bigarren edizinoa be zaindua da, baina errata gehiago ditu, eta hirugarren parte oso bat, lehenengoan agertzen ez dana. Liburuak arrakasta handia euki ebala emoten dau, XVII. mendean bertan eta XVIII.aren hasieran atzera be berrargitaratu zalako, Agen-en eta Baionan, tartean beste abade batek (Duronea) egindako aldaketakaz.

 

- Zelan egiten dira holango beharrak taldean? Zazpi lagun testu beragaz ibilteko ondo antolatu beharko dozue?

Talde-lana lagungarria da. Gutariko bakotxari gai batzuk interesetan jakoz beste batzuk baino gehiago, baina danok gara, esan daigun, 'diakronistak'. Batek gehiago daki aditzaz eta beste batek testu-kritikaz; batek gehiago dialektologia historikoaz eta beste batek sintaxiaz. Beraz, alkarren osogarri gara taldean. Guztiok aztertzen dogu euskerearen historia, baina bakotxak arlo batetik. Bestalde, zazpi izanda, lan batzuk errazago egiten dira, erraza dalako banatzea, berrikuspenak egitea, zalantzak argitzea.



-
Non eta zelan emongo dozue argitara lan hori?

Edizino-lana amaituta eta gure webgunean eskegita dago. Lehenengo eta bigarren edizinoen lehenengo bersinoak eskegi doguz, sarrera eta argibide batzuk gehituta. Orain Materraren eta lapurtera klasikoko egileen hizkera aztertzen gabiltz, iruzkin linguistikoa osotzeko. Gure asmoa papelean be ataratea da.



-
Zer beste proiektu daukazue esku-artean?

Oraintxe bertan euskerearen historiaren inguruko mintegi sortea antolatu dogu UEU eta Oihaneder Euskerearen Etxeagaz batera, Gasteizen. Lehenengo mintegia zezeilaren 24an izango da, eta azkena 30ean. Urte osorako zein saio solteetarako matrikulea egin leike, beraz, animau eta zatoze!

 

Besterik ez Ardi txikia beti bildots blogaren partetik. Zorionak egiten dozuen beharragaitik, are gehiago zuen lanbideek eta ikerketa-lanek itxiten deutsuen denpora librean gustuz egiten dozuela jakinda.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu