Zoopoemak
2015-02-11 13:37Idazlearen bereizgarrietakoa bat da animalien erabilerea. Areago, bakotxa zeozeren sinboloa da (edo izan daiteke).
Blog honetan bertan, joan ziran joan ziranez animalien sinbologiari buruzko hainbat eta hainbat post. Harako aldizkari harek eskatuta euskera batuaz ipinteko asmoa be hortxe dago, eta ezin heldu eta hortxe dago eginbeharra, zerrendatik ezin borrauta. Eta gaia buruan, eta animalien sinbologiaz ikasleai pare bat berba esan eta halango baten, Pariseko Expolangueseko azokearen atxakian, han non etorri jatan Zoopoemak ikuskizuna. Loturea dauka euki bere animaliak euskal sinbologian post-sail horregaz: animaliak metafora legez darabizen poemak batu ditue ikuskizunerako Gerardo Markuletak eta Jabier Muguruzak.
Otañoren Txepetxarena, Artzeren Txoria txori, Atxagaren Trikuarena, Canoren Tigre batekin bizi, Sarrionandiaren Lera zakurren balada, Uriberen Txoriak neguan, eta Markuletaren Txorikeriak... Muguruzaren akordeoi soinuak batzen ditu ekitaldiak. Glosak, poemak eta musikea. Animaliak gure ispilu badirala esaten eban Otañok eta hautaketako poemok gure ispilu dira (eta bitara uler bedi gu: gutariko bakotxa eta herria). Auskortasuna, askatasuna, inozentzia, eboluzinoa, euskerea, gatazkea, mendekotasuna, gerra irudikatzen dira pizti poematuetan.
Poemok banan-banan aztertzea izango litzake egokiena beharbada, baina hauxe da nire irudipena: ekitaldi honek oraindino bere bidea egin behar dauala. Halan da ze, hartu egizue post hau dei legez, eta inoz blog honetako animaliak euskal sinbologian sailari interesgarri eretxi badeutsazue, telefonoa hartu eta Zoopoemak kontratatzea baino ez dozue egin behar, kultura-etxe, irakurketa-klub, ikastetxe, euskaltegi, jai, jaialdi, irakurraldi, poesiaren-egun, ziklo, edo bestelango zoologikoetan.
Baina euskal berbea kendu egin leikio honeri guzti honeri eze unibersidadean egindako errezitaldian ondo agertu genduan legez (katalanak, galegoak, portugesak eta espainolak gonbidau genduzan), gaia unibersala eta agortezina da: auzokoek be animaliak ardatz hartutako poema ezin ederragoak irakurri zituezan. Gurea eta auzokoena konparetea bere lan polita da. Apurka-apurka ekarriko doguz bertora poemak, itzuli ahala, horretarako tarterik hartzen dogun baten baten. Eta halan be gaia ezin agortu: gaiaren barri ez eukan lagun itzultzaileak bota deust ba laster dakarren liburuaren berbaurrea eta ez dino ba: Idazlearen bereizgarrietakoa bat da animalien erabilerea. Areago, bakotxa zeozeren sinboloa da (edo izan daiteke). Irakurlearen esku itxiko doguz, ostera, tximinoak, labezomorroak, zaldiak, armiarmak, saltomatxingoak, nork bere interpretazinoen zoologikoa antola daian. Horreri bere irrikaz itxarongo deutsagu, irrikaz leidu eta, irrikaz bertora ekarri, sinboloen munduaren erakusgarri eta inoren gustagarri.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!