Azken egunok Parisen... kaleko kontuak

Erabiltzailearen aurpegia Ardi Txikia Beti Bildots 2015-01-13 13:49

Eta hurrengo egunean, dana nasaituko zala uste genduanean, unibersidadeko txartela erakusteaz batera motxilea bere zabaldu behar izan deutsagu atezainari eta hau luzerako ei doa...

Errege egunaren biharamonean hartu neban trena Hendaian, Pariserako. Atzera buelta egunerokora: unibersidadea, eskolak, bibliotekak, frantsesa, frantsesak. Artean, irakurketa betean nindoala, ezelango Internet konekzino barik, lagunaren sms mezua jaso neban: atentatua egon da Parisen, blindauta ei dago. Parisera ailegau arteko orduetan neure burua prestau nebala uste dot, geltokian pasaportea erakusteko, maletak zabaltzeko, metroan luze ibilteko. Baina, neure harridurarako, ez neban inongo oztoporik euki etxera ailegetako. Metroa inoz baino hutsago igarri neban, hori bai. Neure barrurako pentsau neban beharbada metroa hartzea ez zala aukerarik egokiena. Madrileko atentatua ekarri neban gogora, halango kasuetan zelango urtenbide gitxi daukazan herritarrak. Etxera ailegau eta orduan ikusi nituan barriak, eta artikuluak, eta argazkiak. Gauaz unibersidadetik jaso genduan mezua: alerta-egoerea zala ta txartel profesionalik barik ez geunkala unibersidadearen eraikinetan sartzerik, eta hurrengo egunean, minutu bateko isilunea egingo genduala.

Eta hurrengo goizean, jagiteagaz bat, oraingoan be lagunaren mezua: nire auzoan bertan tiroz akabatu ei ebela polizia bat. Interneten sartu eta aikor: guretik bi kaletara jazo ei zan jazotakoa. Eta nik ez neban ezelango nahasterik edo zaratarik igarri: ez sirenarik, ez poliziarik, ezer bere ez (eta ohikoa da Parisen, egunerokoan, sirenak, poliziak entzutea). Adi ibilteko esaten eustan lagunak, tiroak entzun ezkero egin behar nebana lurrean botetea zala. Eta han joan nintzan unibersidadera, haren berbea buruan hartuta, arratsaldeko eskolak emotera. Egundo holakorik pentsau bakoa nintzan. Kalea nasai egoan, jente gitxiago ebilela iruditu jatan, gainerakoan: beste gairik ez ebilen, eta airean tensinoa. Bueltea ohi legez eginda, lankide batenean afaldu genduan. Helikoptero bat euki genduan denbora guztian gure ganean.

Barikuan lan- eta Ikasketa-kontuak zirala eta batzarrez beteta neukan eguna. Zentroan ibili nintzan. Ordukoan be, kanpotik ailegau jatan mezua: aurreko eguneko tirolaria supermerkadu judu batean egoan, jentea beragaz hartuta. Zer dan norberaren egoismoa: iparralderago dagoan auzo bat zala eta nasaitu nintzan. Baina, ez daukat ahazteko gure lankidearen begiradea telefono-deia egin eta alabeak eskolan konfinauta eukazala esan euskunean, bera han inguruan bizi zala.

Bertan egon ni, baina etxekoek jakiten eben hemengo barri neuk baino lehenago. Arratsalde-iluntzea zentroan igaro neban, eta han ezerk ez euskun gure ohiko jarduna eten. Zapatuan, lankide eta lagunakaz afaldu eta gogoratu genduan aspaldi egozala unibersidadeko ate danak itxita, bat ezik; aitatu genduan gauza asko jakin bere ez doguzala egiten; batek esaten eban tirolariak eurak ete diran be ez dogula inoz jakingo, ia nork ikusten dituan gorpu horreek. Tirozu, akabu baten, suertearen mende gagozala, eta estaduak gugaz egin gura dauanaren menpe, estaduak esaten dauanaren menpe (egia edo guzurra dan jakitera ailegau barik be askotan).

Manifestazinoaren egunean etxeko lanak egiteko hartu neban nik eguna; ingurukoek kontauta dakit kolapsauta egon zirala garraioak, baina jentea ez ebilea, behingoan, hori dala ta kexaka.

Eta hurrengo egunean, dana nasaituko zala uste genduanean, unibersidadeko txartela erakusteaz batera motxilea bere zabaldu behar izan deutsagu atezainari eta hau luzerako ei doa...

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu