Udal erakundeen txioak dirala ta

Erabiltzailearen aurpegia Ardi Txikia Beti Bildots 2014-12-28 21:24

Massachussets-eko Teknologia Institutuko ikerlari batzuek egondako ikerketaren emoitzetan agiri danaren arabera, euskerea twiterreko jarioan 36. postuan dago. Gauza ona da hori, baina ez nago seguru hizkuntzearen kalidadea aztertu ezkero euskereak postu onik lortuko leukenik.

Aspaldion gure herriko udaltzainen twiter-kontuaren jarraitzaile egin naz, eta elebitasunaren erabilerea poztekoa bada bere, eta euskerearen presentzia poztekoa bada bere, buruko mina eragin deustie hainbat kontuk. Aitatutako twiter-kontua aztertuten parau ezkero, ez dago akatsik bako txiorik: dala ortografia, dala gramatika, dala estiloa, dala emakumeen eta gizonen bardintasuna ez betetea, dala atzerritarrakazko mesfidantza deklaratua. Txio bakotxari egiteko moduko oharrak atara leikiez Euskera Zerbitzuan, Bardintasunerako Zerbitzuan (arrazakeriaren kontrako zerbitzurik sortu ez dalako oraindino, ostean, han be argi gorria piztuko leukie).

Herri administrazinoetako euskerearen erabilerearen normalizazinoaren IV. plangintzaldiko (2008-2012) ebaluazino-txostenean aurreikusten zan daborduko kontu hau. Hain zuzen bere, holan dino dokumentuak:  Azkenik, herri erakundeek etorkizunean herritarrekin dituzten harremanetan sare sozialek izango duten garrantziari buruz hausnartu eta, horietan ere, Herri Administrazioak erabili beharreko hizkuntza irizpideak zehaztea garrantzitsua izango da, gaur egun sare sozialek gero eta erabilera handiagoa izango baitute, batez ere, adin tarte bateko belaunaldian.

Bada, gure herriko Udaltzainek jarrera ona daukie euskereagaz twiter-kontua erabilten dabenean, ele bietan idazten ditue txioak, euskeraz eta erderaz. Arazoa, baina, bestelakoa da, hain zuzen bere hizkuntza-gaitasunarena (bai euskeraz zein espainolez). Herri Administrazinoek ondo kontuan hartu beharrekoa da funtsezkoa dala kontrol mekanismoren bat txertatzea. Arreta egin behar jako erakundearen izenean txioak idazten dituan txoriari, gaitasunik ete daukan persona horrek euskeraz zuzen eta egoki idazteko; izan bere, ez dogu ahaztu behar persona horrek eragin zuzena daukala erakundeak emoten dauen irudian.

Sare sozialen bat-batekotasuna kontuan hartuta, eta udaletako Euskera Zerbitzuen saturazinoa kontuan hartuta, ez dakit oso argi zein izan leiteken Udalaren irudia erabat zikintzen dauen Udaltzainen txio akasdunak zuzentzeko bidea…  Argi dagoana hauxe da: zer edo ha egin behar dana. Ez dakit ez ete dan hoba udaltzaingoaren twiter-konturik ez eukitea, akatsez betetako mezu-zerrendea eukitea baino; ez dakit ez ete dogun hasi behar hizkuntza-eskakizunak emoten barik kentzen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu