Aspaldi pediatra-andreari esanikoak

Erabiltzailearen aurpegia Ardi Txikia Beti Bildots 2015-01-22 12:22

Ama hak ez eban bere jarrerearen ganeko gogoetarik egin, ez eta gaiaren inguruko tratadurik edo ikerketarik leidu bere; ez eban bere moduko andrakaz talderik sortu baia ekin bai, ekin eutsan.

Hogeita hamar urte-edo izango dira neska jaiobarria ondo hazten ez zala-eta arduratuta egoan ama batek pediatra-andreari bere ezinegona agertu eutsanekoa. Azken horrek, ama ha lasaitu guran-edo, erantzun eutsan (espainolez): Lasai, neska, ministro bategaz-edo ezkonduko da gero, eta kitto. Ama hak erantzuna: Hoba ministrea bera bada!. Halan kontau izan dau ama hak inoz edo behin, pediatra-andra hori kalean ikusi eta ordukoak akordura ekarrita.

Orduan, ama harentzat behinik behin, oraindino ez eukan bere berbetak ezelango izen-modurik, ez eta sonarik bere. Ama hak ez eban (eta ez dau) egundo bere jarrerearen ganeko gogoetarik egin, ez eta gaiaren inguruko tratadurik edo ikerketarik leidu bere. Ez dau bere moduko andrakaz talderik sortu. Baia ekin bai, ekin deutsa: bizialargun, seme-alabak hazi eta hezi ditu, kontra egin eutsan lana itxi behar ebala esaten eutsan otsoari, beregaina izan da, eta halantxe bizi izan da, halan zala-eta.

Gaur, behar bada, esango geunke ama hak pediatra-andreari erantzun eutsanean (esate baterako) genero-ikuspegia barneratuta eukala. Gaur, behar bada, esango geunke, diskurtso feministea garatuta eukala. Edozelan bere, ama hak ez eban bere jarrerearen ganeko gogoetarik egin, ez eta gaiaren inguruko tratadurik edo ikerketarik leidu bere; ez eban bere moduko andrakaz talderik sortu baia ekin bai, ekin eutsan. Gaur halango andrek esandakoei eta egindakoei berbak ipini deutsiez beste batzuk, eta izena dauena bada.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu