Testuen itzultzailea eta musika-interpretea zein antzezlea

Erabiltzailearen aurpegia Ardi Txikia Beti Bildots 2014-11-17 22:16

Eta buruan hori berori nerabilela, piano-jotzaileari itaundu neutsan, ia esperimentazino-saioren bat egitea posible ikusten eban, ia testu idatzi bati musikea ipiniko ete eutsan itzultzaile bat ondoan eukala testua interpretetan, ia ze eretxi ete eukan.

Interesgarria begitandu jakon (jorratu leiken gai bat da, bai!). Bere esanen eta gogoeten artean ondoko hau: itzulpena eta musikea lotzea, zer esan testua musikara itzuli lei, bai, baina musikea ezin lei berbazko testu bihurtu.

Eta buruan hori berori nerabilela aikor! Musikea, antzerkia eta itzulpengintzea, asteroko itzulpengintza-mintegiko gaia joan zan astean. Antza, gure irakasleak be gaia ibili ei dau bor-bor-bor-bor. Analogiak egiteak, loturak eta ezbardintasunak azalarazoteaz ganera, jagokun arloari hobeto begiratzen laguntzen deuskula esanez hasi dau eskolea, eta bere buruari egiten deutsan itauna geure eginez: zenbateko askatasuna eta subjektibidadea dauka itzultzaileak musika-interpretearen aldean edo antzezle baten aldean?

Jardunak konpareteari ekin deutso segidan:

Musikariak edo antzezleak zuzeneko kontzertuan daukazan arriskuak ez daukaz testu-itzultzaileak (bai, ostera, aldi berean dabilen interpreteak). Halanda ze, horrek bereiztu egiten ditu, zeozelan esateko, itzultzailea eta musikaria edo antzezlea.

Itzultzailea eszenaren bigarren planoan dagoan artean, musikaria edo antzezlea ikusi egiten dogu, erdiguneko artistea da.

Itzultzen dogun testua, berez, ez da beste hizkuntza batera eroateko sortutakoa, jatorrizko testuak berez eusten deutso bere buruari; partiturak edo antzezlanak, ostera, jokatuak izateko sortutakoak dira, eta autonomiarik ez daukiela esan leiteke.

Gaiagaz lotuta, beste ideia bat be plazara: asko eta asko dira halako musikarik joten daualako kontzertu batera doazenak (joten dituan lanak norenak diran ez dau inporta), edo halako aktorek parte-hartzen dauala-eta teatrora doazanak (teatro-obra dana dalakoa izanda); gatxa da, ostera, halango itzultzailek egin dauala-eta itzulpen bat erostera doazenak topetea.

Antzerkian eta musikan, bertsino bat ikusten edo entzuten dogunean, obraz ganera aktorearen edo musikariaren markea bereizteko, ezagutzeko kapaz gara askotan (zer esanik bez interpretazinoa ahozkoa danean, kantarien ahotsak bereizteko ondo gai gara). Baina, gai ete gara itzultzailearen markea zein dan ikusteko? Kamaleonikoa ete da itzultzailea? Zenbateraino eta zer itxiten dau bere partetik itzultzen dauanean? Autore ezbardinak itzultzen dituanean, marka hori bereizteko gai ete gara? Hor ete dago desagertzen dakialako? Ala arrastoren bat itxiten dau?

Eta gehiago...

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu