Shakespeare bertsolari (II)

Erabiltzailearen aurpegia Ardi Txikia Beti Bildots 2014-11-03 13:00

Shakespeare bertsolari saioa aurreratu neutsuen aurreko post-ean, eta kronika txiki bat egitera nator oraingoan. Prentsan, gitxi-asko, euki dau oihartzuntxua. Bertsolaritzea eta itzulpengintzea lotzea zan saioaren helburua, eta ez egoan argi zer ete zan joan zan asteko saioa: bertso-saioa, itzulpen-tailerra ala biak; beharbada horregaitik ez zan jente asko gerturatu...

Ezagutzen ez dogunera hurreratzeko bildur gara batzutan. Bada, nik neuk esango neuke bietarikoa izan zala: bat-bateko bertsoak eta itzulitako bertso idatziak egon ziran-eta bertan.

Ezin eban beste modu baten izan: Jon Martin eta Miren Ibarluzea bertsolarien agurrakaz hasi zan saioa. Neurea daukat akorduan: Iratxo miragarriz / betetako mundu / ingelesa behar zala / hemen euskaldundu, / Juan Gartziak sukalde / horretan jardun du / eta guk pintxe lanak / egingo ditugu. Itzultzaileak be, bere agurra egin eban: txapela jantzita, ganera! Juan Gartziak Joana Bixenta Olaberen doinuan kantau eban soneto bat. Eta, hortik aurrerakoak Idoia Nobleren gidaritzapean egin genduzan, Shakespeareren Uda-gau bateko ametsa antzerki-lana eta bertsoa uste baino gertuago dagozala erakutsi guran.

Lehenengo ariketea (bertso-idatzien kartzelakoa deitu eitekeana), Jon Martinek eta Juan Gartziak egin eben. Aurretik landuta ekarri eben biek be antzerkiaren pasartetxu bat, erromantze baten pare jarri ebena geureagazko loturea egitearren, eta bien emoitzak ikusteko erea euki genduan, saiorako beren-beregi prestatutako Power Point baten (Uxoa Iñurrietak egin zituan koordinazino eta Power Point behar horreek danak). Pasarte horretan nabarmendu zituen batetik, Shakespearerenak gure bertso-lerro ezagunetara ekarteko zailtasuna, eta, bestetik, errimarik ez egoala eta horri eusten be gatxa dala bertsolari batentzat. Juan Gartziarena, 16 silabako 24 lerroz osatua (8-8-8-8), eta Jon Martinena errimatua (ezin bertsolariaren berezkotasunari eutsi barik ibili!) eta 11 silabako 24 lerrotan, Juan Garziak berak aurretik egin genduan batzar baten erronkea jo eutsola ta, ezetz 11kotan egin!

Ariketa hori berori izan zan gaia, zeozelan, hurrengorako. Izan be, Erromantze estiloan aita-alaben arteko diskusinoa zan aurreko pasartea: aitak berak erabagitako gizon bategaz ezkondu gura dau alabea; baia alabeak, ostera, beste gizon bat maite dau. Aitak salakeeta egiten dau Atenasko dukearenean, eta... horixe bertsotarako gaia. Bat-batean aritu ziran Martin eta Ibarluzea, eta aikor ondorioa: bertsolariek bota zituen ideia asko eta asko testuan bertan agertzen dira, eta bardin agertu eitekezan Euskal Herriko edozein baladatan.

Segidan, bertso-idatzien kartzelako muetako beste ariketa bat: kasu horretan Miren Ibarluzeak eta Juan Gartziak. Bat egin eben neurrian: 10-8-10-8. Juanena erregistro jasoagoan.

Doinuan egin eban Ibarluzeak ezbardintasuna, horrako pasarte horren eta hurrengo ariketan proposatzen zanaren artean. Izan bere, hurrengo pasartea, Iratxo biren arteko topaketea, jostariagoa zan, eta horretarako doinu jantzariagoa hartu eban (aurreko neurri berean: 10-8, 10-8). 11koetan emon eban erantzuna Martinek.

Kasua da ze, berbagai dogun antzerki-lanean, pertsonaien artean zenbat eta laguntasun eta adostasun handiagoa egon, eta zenbat eta miragarriagoak izan, orduan eta errimatuago berba egiten dabela. Bertso-zuriak be izan zituen berbagai (bertso zuriak errimarik ez daukienak dira): bertsolarientzat ariketa gatxa da errimau barik ibiltea. Horretan danak etozan bat, bertsolariak eta baita itzultzailea be: paradogikoa emon leikean arrren, lagundu egiten dabe errimak eta neurriak sormen eta itzulpen lanean.

Akabuko agurra bikotxa izan zan: batetik, saiora hurerratutako danek batera kantau eben Uda-gau bateko ametsa antzerki lanean izaki miragarri batek egiten dauen agurra (aikor bertso saioen eta Shakespeareren obra honen beste lotura bat!); bestetik: bertsolarien akabuko agurra.

Shakespeare entzunda bildur apur bat sentidu izan dogu irakurleok, urrun geratzen dan literatura jasoegia etorten jatan niri burura lehen; baina Uda-gau bateko ametsa sano da gertukoa: euskaldunok hain maite doguzan mitología-kontuak eta maitasun-istorioak dakarz, eta, benetan be, Shakespeareren mundurako sarbide aparta da. Euskerearen egunean egongo da sarean Juan Garziaren euskerazko bersinoa, eta irakurtera animau zaitezen dei txiki bat baino ez da hau: Shakespere entzun ta alde / egin dabe batzuk / irakurri ta irriz / lehertu bestetsuk! / Irakurriz amestu / behar zenduke zuk. / Nik beste gozatzea/ opetsi nahi deutsut!

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu