Zaratak

Erabiltzailearen aurpegia Ardi Txikia Beti Bildots 2014-09-27 14:50

Krik, klak, tin, pol-pol, tak, kriski, krausk, shhh, plaust, tirriki-tirriki-tirriki. Hotsa, harrabotsa, azantzea, iskanbila, burrunbea, isiltasuna. Eta danbarradea, oihua, danbada, ulua, garrasia, kalapita, bakealdia. Eta murmurioa, barriketea, berbaroa, karraskea, zarta, kriskitina, musikea, durundea eta oihartzuna. Ehunka soinu eta hots daukaguz; nork bereak, ganera.

Giltzak aterateagaz bat, edo bardin atea morroiloz itxiteagaz bat, ondo ei daki amak nor datorren eta nor doan: bakotxak zarata mueta bat egiten ei dau; neu etxera sartzen nazenetan elefantea sartzen ei da katxarrerian; eta, ostera, nebeak fantasmea emoten dau, alfonbra ganetatik hegaz egingo baleu legez. Sueteko armarioak zelan joten dauen, aikor nor dabilen saguak lez krispeta edo gozoren baten bila, edo basurea bajau behar dauela eta haserre-antzean. Beharlekuan be igarri-igarria da nor datorren pasillotik: dinosauroen pasoan karraderan bat, txorien pausuan saltoka bestea.

Auzoko zaratak beste batzuk dira aurten: ez neuke jakingo esaten zeintzuk diran faltan igarri dodazanak seguru-seguru, baina ez dot daborduko entzuten aitak semeari egindako haserrea, ez eta kili-kiliak egiten deutsazaneko ume-barrea, ez eta gauetan sofa zabaldu eta ohea egiten daueneko burdina-hotsa bere. Besteren bati itxi deutso, beharbada, apartamentua. Oporretan joanda egongo ete da? Ez ba: auzoko barria topau dot eskilaretan gora: entzun bere ez jako egiten pausua. Orain neu izango ete naz solairuko zaratasua...

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu