Animaliak euskal sinbologian (eta XIV): txorien ganeko azkena
2014-06-09 17:05Ikasturtean zehar ekarritako Animaliak euskal sinbologian saileko azkena da hau, azken aleak legetxe, txorien ganekoa. Izan be, iruditeria zabala dago txorien inguruan.
Berbarako, euskal kantu askotan, txori legez irudikatzen da gizonak maite dauen neskatoa; baina, maitasuna legetxe, igeskorra da txoria, eta sarri ez da lortzen. Honeri lotuta, bada esakune bat holan dinoana: Hegoa, andreen gogoa (emakumeak igeserako jokerea dauka, antza). Emakumeen arinkeria ez eze, txoriak etxeko besteen burubakokeria eta harrokeria bere emoten dau aditzera: Txori-lepotik txoriburua beti; Hi, beti txoriak beela, puntarik punta; Eperra bere mihitik galtzen da; Nork nori? Hontzak birigarroari; Zozoak beleari ipurbeltz; Zozoak bere buruaz harturik, ez du ikusten bertzeren dohainik; Txori buru, huts buru.
Txoriakaz lotutako esaera gehiago be badagoz. Hona hemen zerrenda bat: Oriko xoriak orira nahi; Txori bakotxa bere adarrera; Gorbeiako beleak Gorbeiara jokerea; Txori denak eguak, batzuk obak kantuak; Txori guztiak mokodunak; Arin eta ondo, usoak hegara; Ondo eta asko usoak hegan; Erroiaren arrautzak usakumeriz ez; Heldu zan pika Sibilian, han ere buztana ipurdian; Xoria ezagun da lumatik; Xoria ezagun da lumatik, idia adarretik, gizona eletik; Eper bila bazabiltz, larrera jo beharko duzu; Nolako txoria halako kabia; Eskuko etxe-txoria hobe aireko usoa baino; Arranoa hegaz baino txepetxa eskuan hobe; Usoak bere tegian kurruka, handik kanpora izuka; ; Langile zuzenari, kukuak joiten; Hazi itzazu beliak, aterako dizkizute begiak; Belea etxean haz ezazu, begiak errotik eginen dauzkitzu; Auzoan uso, etxean otso; Kanpoan txori, etxean bele; Kanpo ederra etxean bela; Usoak pasata sarea bota; Belea ez da baltzago egingo.
Gure hiztegian bere badauka txoriaren iruditeriak eragina: gizonaren sexuari esateko erabilten da txoria edo zozoa, eta emakumearenari esateko usoa.
Beste alde batetik, txoria, eligai legez, estimatua da. Halan agertzen da ondoko bi esamoldeotan: eper erreak izan (zati handienarekin gelditu) edo txori errea ahora klik (eureka esateko).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!