Itzulpen-irakurlearen paktua?
2014-05-14 22:11Sarri esan izan da itzultzailea irakurle arretatsua dala, testu bat itzultzeko modu jakin baten irakurri behar dala testua, behin eta barriro irakurten dauala itzultzaileak testua. Gaiaren inguruko lan asko egin izan dira, berbarako, œLire pour traduire (Itzultzeko irakurri) izeneko tesia (Freddie Plassard-ena), itzulpen-prozesuko irakurketa-faseak, prozesu kognitiboak lantzen dituana.
Gaia interesgarria da, baina edozelan bere, ez da itzultzailea gaur buruan darabildan irakurlea: itzulpen-testuaren hartzailea daukat gogoan.
Galderok egiten deutsadaz neure buruari: zer dakar itzulpen bat irakurteak? Zer eskatzen deutso irakurleari? Zelan ekiten deutso irakurleak itzulpen-irakurketeari? Galdera bat bestearen atzetik dator: jakitun da itzulpen-irakurlea itzulpen bat leiduten dabilena? Zerk adierazoten deutso: azaleko oharrak, izenburuak, hizkuntzeak berak? Eta, jatorrizko lan bat irakurten dan modu berean irakurten ete dogu itzulpena?
Irakurketa paktua egiten dau irakurleak literatur lan bati ekiten deutsonean, konfiantza egiten deutso egileari, argitaletxeari, editoreari eta itzultzaileari?
Funts-funtsean, literatur lan baten itzulpenaren helburua da jatorrizko hizkuntzea ezagutzen ez dauan irakurleari testu hori jasoteko aukerea emotea. Izatez, testua sortu dan hizkuntzea ez dakian irakurlearentzat eginda dago. Irakurleak konfiantza egiten deutso, hasikera baten behintzat, itzultzaileari. Baina holan ete da bene-benetan? Ez dakit ba: itzulpenei esker sortzen dan kultur aniztasuna goratzeko ohiturea daukagu, kanpoko literaturea gogoz hartzekoa, itzultzailearen lana goratu bere egiten dogu sarri, baina itzulpen lanari ekiten deutsogunean beti dago halango mesfidantza moduko bat, eta esango neunke irakurketa-paktua ez dala erabatekoa. Ondoezen bat sentidu ezkero irakurri ahala krrr, krr... zeozer galdu da, zeozer oker egin dau bai: itzultzaileak, izan bere, dana itzultzea ezinezkoa da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!