Andereño Seberi
2014-04-29 13:37Denboragarrenera konturatuten da bat maisu-andereño batek zenbaterainoko markea itxi deutson, hainbat eta hainbat urteren ostean atzera agertuten jako begien aurrera harako andereño harek irakatsitakoa.
Ikastolan, 3. mailan (edo 4.ean, ez nago seguru) Andereño Seberi tokau jakun. Orduan gurago genduan beste gelako andereñoa, gazteagoa, ederragoa, modernoagoa zan-eta. Andereño Seberi adineko andrea zan, guri eskola emon eta hurrengo urtean edo jubilau zana. Kontua da ze, sasoi haretan konturatu ez ginan arren (ni neu ez, behintzat) oso andereño berezia izan zan. Gerora baino ez naz jaubetu zelan ahalegindu zan ikasle bakotxaren sormena lantzen. Nik neuk, kasurako, orduan idatzi neban lehenengoz nire ipuinen eta idazlanen koadernoa. Idazlanen arteko bat daukat ondo akorduan: Cabarcenoko txangotik bueltan idatziarazo euskuna, han ikusitako hipopotamoaren eta haren ganean egoan igelaren arteko alkarrizketea. Ez dot egundo atzera topau harako koaderno ha (berak baino garrantzia txikiagoa emongo geuntson etxean orduan idatzi nituan kontu hareeri; edadeko andre baten txotxolakeriak edo irudituko jakiezan gurasoai koaderno ha gorde eta opari lez nagusitxuagotan liburu eginda emoteko proposamenak).
Baina koadernoko arrastoak barik, bestelangoak agertu jataz lehengo baten. Pariseko Orsay museoa bisitetan joan nintzan lagun bategaz. Gida beharrak egin eustazan, arteaz neuk baino gehiago daki eta. Pasillo eta gela artean ibili ahala, hainbat artistaren lanak etorten hasi jatazan akordura, bata bestearen atzean, eta esaten neutson lagunari: bai, harako pintore harek badauka halango koadro bat, halango koloreduna, hauxe da, bai! Eta beste bat bere bai (izenak ez neukazan buruan, baina bai irudiak). Hantxe ekarri neban gogora Andereño Seberik egindako beharra: eskolako lanak akabetan genduzanean, klase eta klase arteko tarteetan arte liburuak banatuten euskuzan, begiratuteko, irudiak kopietako (aikor, Van Gogh-en kuartua kopiau neban nik, besteren artean). Hasiera baten ez da beste munduko denborapasa bat baino baia denborapasa haren bidez gerturatu euskun Andereño Seberik artea, ilusionismoa, puntillismoa, Orsay museoa bera gelara; eta konturatu bere egin barik zeozer ikasi genduan, eta betiko gorde.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!