Animaliak euskal sinbologian (XV): ahuntza eta akerra
Ardi Txikia Beti Bildots
2014-04-14 22:53
Zenbat bider ez ete dogu errepetidu
Akerrak adarrak okerrak ditu; edo
Eneko okerrekoren akerrak adarrak okerrak ditu.
Umetan
asko kantetan genduan beste bat hauxe da:
Akerra ikusi dogu baratzean jaten (Bis) / Makila ikusi dogu aker hori joten / Makilak akerra, akerrak artoa, akerra ken / baratzetik akerra ken / ken, ken, ken, ken!
Makilaren atzetik datoz: sua, ura, idia, soka, sagua, katua, atsoa... Eta halan doa kantea gero eta luzeago. Akerraren presentzia ez da ona baratzean, halan dino kanteak.

Akerra sorginkeriaren irudia da gurean, akelarreetako burua da. Barandiaranek akerra Mari izaki mitologikoagaz lotzen eban. Akerbaltza lur barruan bizi dan izaki mitologikoa da, eta mendean morroi asko daukazan iratxoa. Kristinauen begietara deabruaren irudia izan da beti.
Besteren ustez, akerbaltza antxinako jainko bat zan, abereen babeslea. Europako beste hainbat kulturatan bere halantxe da. Halan da ze, etxeko abereak babesteko modu bat da akerra kortan sartzea: akerrak botaten dauen sundeak babesten ei ditu abereak mamitisetatik, birikietako gatxetatik… Eta, akerra zenbat eta zaharragoa izan, zenbat eta sunda txarragoa bota, orduan eta hobeto. Kortea jagoteko kirikolatzaren narrua be eskegi izan da kortan.