Kronikea: euskerearen ganeko jardunaldiak Parisen

Erabiltzailearen aurpegia Ardi Txikia Beti Bildots 2014-04-08 00:12 Kronikea dakart, joan zan astean egin genduzan eta Sobonne Nouvelle Paris 3 unibersidadean euskerearen ganeko jardunaldiak.

Ikasle frantsesak dira gure euskera-ikasleen artean gehienak, eta gitxitan planteau dabe hizkuntza-aniztasuna. Euren hizkuntzearen ganeko galderarik bere ez deutsie sarri egin euren buruai, salbuespenak salbuespen eta hizkuntzalaritza beren beregi ikasten dabenak kenduta. Gitxitan galdetu deutse euren buruai, berbarako, frantsesa noz, zelan, nondik, nora heldu, mobidu, aldatu… dan, zein dan hizkuntzearen eta lurraldearen arteko harremana, etab. Halango kontuak landu zituan Eneko Zuloagak Apuntes para la historia de la lengua vasca al Norte del Bidasoa berbaldian. Euskerearen historiaren ganeko berbaldia izan zan, gaur egun Frantzia danean erabili izan diran hizkuntzen testuinguruan. Frantses hizkuntzea eta euskerea zelan eta nondik nora aldatu diran ikasteko modu ezinobea izan zan.

Udane Atutxa, ostera, hezkuntzearen inguruan ibili zan: euskerearen alfabetizazinoaz eta irakaskuntzaz, euskerazko hezkuntzearen historiaz eta euskerearen irakaskuntzearen historiaz, hizkuntzearen normalizazinoaz, azterketa sistemez, euskerea ikasteko metodoez, materialez, tresnez… Gure ikasleek euren ikasketak non kokatzen diran jakiteko modua izan eben, funtsean.

Beste alde batetik, sarri erantzun behar izaten deutsagu euskerearen jatorriaren inguruko galderei. Gaian adituek zer dinoen zabaltzea oso interesgarria begitantzen jakun aldetik, hizkuntzalarien eretxiak ekartea izan zan gure asmoa, eta Bordeleko Euskal etxeak frantsesez azpidatzitako Hasier Etxeberriren  Euskararen jatorria, enigma europar bat pelikulea ikusi genduan. Segidan, Ivan Igartua irakasleagaz kontaktau genduan, Etxepare Institutuak eta Mintzanet-ek eskainitako bideo-konferentzia baten bidez.

Ivan Igartuak gure ikasle partistarrei azaldu eutsenez, ezer gitxi esan leio euskerearen jatorriaz itauntzen dauenari: hizkuntza isolatua da, ez dauka ahaide ezagunik. Halan bere, genetikeari jagokonez hizkuntza isolatua bada bere,  euskereak euki ditu, euki, hartu-emonak eta kontaktua beste hizkuntza batzukaz.

Hainbatek ezin izan dau liseritu hizkuntza isolatua izatearen kontua, eta horrexek eroan ditu euskerea bestelango hizkuntza batzukaz lotu gura izatera. Halan sortu dira hainbat eta hainbat teoría. Baina lan horreetako batzuk ez dira metodología egokiagaz egin, edo ezin izan dabe ahaidetasunik frogatu.

Euskereare ahaide ezagunik ez daukagun arren, badagoz moduak hizkuntzearen historiaz eta eboluzinoaz jarduteko eta ikerketea egiteko metodo konparatzailea ezin danean: barne-berreraiketea. Horreeri esker hizkuntzearen eboluzinoa aztertzen dau hizkuntzalariak.

Mitxelenaren berbak bere ekarri zituan gogora Ivan Igartuak: euskerearen misterioa iraun izana da, ez hainbeste jatorria. Euskal komunidadeak egokitzeko izan dauen gaitasuna, geografía… aitatu zituan beste batzuen artean iraupenaren arrazoi legez. Euskerearen atzerakadea, ostera, faktore sozial, ekonomiko eta politikoakaz lotu eban. Ikasleetako batek galdetu eban ia ez ete zan euskerearen gramatika gatxa izango euskereak lurraldea galdu izanaren arrazoietako bat. Argi erantzun eutson Igartuak: hizkuntza baten egitura gramatikalak ez dau azaltzen hizkuntza baten lurralde galerea, bestelako faktoreak izaten dira arrazoiak.

Ikasle paristarrek euskerearen inguruko hainbat kontzeptu ikasita urten dabelakoan, datorren ikasturtean gehiago eta hobeto.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu