Animaliak euskal sinbologian (XIV): erlea

Erabiltzailearen aurpegia Ardi Txikia Beti Bildots 2014-04-03 11:54

Erlea sano berezia da: erlea hilteak kaltea dakar, erlea ezin da diruaren truke emon, etxeko jauna eta edo andrea hilten danean, horren barri emon behar jako erleari...

Azken hori bi asmogaz egiten ei da: batetik, erlea bera hil ez daiten; eta, bestetik, argizari gehiago egin daian sepulturako kandelatarako. Heriotza-barriaz ganera, ordutik aurrera etxeaz arduratuko danaren barri bere emon behar jako. Dinoe erleak etxeko jaunaren boza ezagutu egiten dauela, eta hori dala eta nagusiak ez dauela erlearen pikadarik jasoten. Batzuk lutuaren erakusgarriren bat ipinten dabe erlauntzearen ondoan, edo erlauntzea painu baltz bategaz estalduten dabe. Antza, hauxe da sinistea gizaki primitiboaren ustean: erleak defuntuen arimak dira, eta arima barri baten etorrerearen barri emon behar jake.

Beste konturik bere badago elearen ganean, kasurako, lapurtutako erleek ez dabela ez eztirik ez eta umerik egiten; edo, Arrigorriagan entzuna da neguan erleari ardao goxoa emoteko ohiturea, hotzez ez hilteko.

Berba egiteko moduari begiratu ezkero, bi kontu: a) erlea esaten jako taldeari bere, singularrean, erleak esan barik; b) erlea eta personea dira hil egiten diran izakiak, ganerako animaliak akabatu, akatu egiten dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu