Animaliak euskal sinblogian (XIII): katua

Erabiltzailearen aurpegia Ardi Txikia Beti Bildots 2014-03-25 13:03

Txakurrarena legetxe, katuarena bere iruditeria anbiguoa da.



Txakurrarena legetxe, katuarena bere iruditeria anbiguoa da. Halan bere, txakurraren iruditeriagazko aldeak daukaz. Izan bere, etxeko animalia da katua bere, baina txakurra baino independenteagoa izateaz ganera, zelotiagoa eta mendekariagoa bere bada; kasurako, kumeak kenduz gero, etxera berriz bueltatzen ez dela esaten da.

Etxeko animalia sagradua da alde batetik, halan dinoe sarri gure aitita-amamek; eta sagu-hartzailearena da haren papera baserrian. Lekuonak bildutako koplan bere oso ondo agiri da katuaren irudi hori:

Maritxu Petronila.

Olabarrikoa:

Katuek jan deutsela

Surteko taloa

Maritxu ez eidazu

Katurik mankatu:

Sague kuyetako

Katue biogu


Beste alde batetik, katua ehiztaria da, eta kasu batzutan baita lapurra bere. Halan dinoe esakuneok: Anitz daki saguak, baina obro katuak; Katua kanpoan, arratoiak pesta; Katua lo dagoenean, arratoiak dantzan; Katua ikusi nahi ez duena, saguak bera arrapa; Katuak daraman sardinari, oratu egiok; Lau arrosak lau begi, katu zaharrak bost begi; Kattalin, Pottolin, katuak urdaia jan din, katakumeak olata, adio ire soldata; Nahikatuarentzat, ezinik ez; Sukaldea xahu (garbi) kantuak anka.

Euskal etxeetan euskeraz egin izan deutsagu katuari tradizinoz, baia asko eta askotan erdal izenak ipini izan deutsaguz.

Txakurragaz jasoten zan legetxe, katua bere ez da diru truke emoten.

Katuaren inguruko sinesteak asko dira. Esalege da, esate baterako, katua jarrita dagoanean, aurreko patak igurtziten baditu, eguraldi txarra datorrela; aurpegia garbituten badabil, ostera, bisitea egongo ei da etxean; eta bi hankakaz egiten badau garbi-ikuzia, bisitan datozenak bi izango ei dira. Horrez ganera, gauza txarren iragarle bere bada katua: sorginek katuaren formea hartuten dabeneko kontuak asko dira, eta katu baltzaren irudia bere negatiboa da (katu beltza eskailera azpitik pasatzen ikusi ezkero suerte txarra jatorkela pentsatuta ikaratuten dira asko). Aikor zelan kontetan dituan Angela Bilbao orozkoarrak Zaloako katu baltzarenak hemen klik eginda.

Euskal arrantzaleek orain gitxira arte gorde ei dabez katuari buruzko tabuak. Azkuek berak ikusita era idatzita dakigu Bermeoko eta kostaldeko beste herritarrek itsasoan ebizan artean ez ebela deabruaren izenik aitatu behar, baina ezta katuarenik bere. Deaburaren ordez beste mutila esaten eben, eta katuaren ordez putz egitekoa.

Garai baten esaten zanez, katu-txakurrei jotea edo harrika egitea kontu okerra zan. Izan bere, etxeko animaliai, akuiluz nahiz hedez astindu behar jakie, eta basokoak uxatu edo akatu egin behar dira. Baia katua eta txakurra bakean itxi behar diraei ziran; azken hori ondo agertuten dauan kanta bat bada:

Din dan balendan

Elizako atetan gizon bat dilindan

Zer egin du?

Bekatu, emaztea urkatu

Hori ez da bekatu!

Katua zanpatu.

Hori da, hori bekatu.

Sorginkeriaren eta deabruaren iruditeria ez eze, mozkorkeriarena bere badauko katuak. Katutu esaten jako mozkortuteari. Aikor hemen zer dinoan Orotariko Euskal Hiztegiak. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu