Animaliak euskal sinbologian (XI): ardia, astoa eta txarria
Ardi Txikia Beti Bildots
2014-02-18 12:21

Antxina, bedarrak bere berbetan ekian, eta ardiai esaten ei eutsen:
aurrean goxoago, aurrean goxoago. Ardiek, ostera, erantzun:
bertan goxo, bertan goxo. Izan bere, ardiak jan egin behar dau, erruz jan bere; eta halan azaltzen dabe, kasurako,
beeka eginik ez du ardiak janen eta
egin ezak bee eta jango duk mehe esakuneek. Artaldeko errebeldea ez da inoiz falta: artalde bakoitzean bildots beltza bada. Baina, orokorrean, ardiaren irudi ona nabarmenduten da:
Ahuntza infernuko hautsa, ardia zeruko landa garbia, ahuntza animalia okerra eta ardia ona dela esateko erabiltzen da aurreko esakune hori. Beste esaera batzuk bere badagoz ardien ganean:
Ardi larruak banaka, axuri larruak kargaka, Ororen ardia otsoak jan.

Astoak bere erruz jaten dau:
Asto asko lasto asko; baina sarri alperkeriaren irudia da (
Asto zaharrak indarra urri; indarra urri eta putza sarri), batez bere zaharra danean. Itsusia eta zikina da astoa:
Apaingari ederrak jarri arren, astoa beti asto, Astoa zaldiz jantzi arren ere, beti asto, Zomat asto hainbat uzker. Edozelan bere, irudi onik ez: zenbat bider esango geuntsen baten bateri:
asto zaharra, astakirtena.

Txarria be zikin galanta da... eta, geure baserrietan, beti izan da okelatarako animalia:
Zerririk ez bada tegian, koiperik ez zartagian; Bostak eta iluna, txerria hiltzeko eguna; Burua garbi eta txerria lapikoan; San Andres, txarria askan trabes; Ez deguna bagenu, txerri bat hil bagenu, urdaia jango genu; Katalin, Katalin, auzoan hildako txerriak etxean koipe gutxi din; Nora ezkurra, hara txerrien muturra; Apirila biribila, txerria urdandegian horzak hila. Akabu baten, txarri danai ailegetan jake euren San Martina.