Animaliak euskal sinbologian (VII): bitxoak, zapoak eta sugeak
2013-12-06 23:45 MusikeaGaria edo berrugea bareaz igurtzi ezkero, osatzen joaten ei da; beste herri batzutan karakola matxakau eta horixe ipinten da gariaren ganean, izan bere, karakolaren mokoa azalerako ona dala dinoe. Kostaldean, barea edo karakola barik, labarretako lapak erabilten ziran garia igurditeko, eta gero zotz bat ipinten jakon lapari, lapa akabetako.
Zorriek bere osasun arazoak osatuteko ahalmena ei daukie. Larua, larumina edo ikterizia osatzeko zorriak irenstea ei da ona. Baina, adi: kopuru bakoitiak izan behar dau, eta gaixoak ez dau hartzen dituanik jakin behar!
Bestelango intsektu eta bitxoakaz lotutako esate gehiago bere badagoz. Hor zehar esaten dan legez, moskitoak euria dakar. Euria datorren seinale da, halaber, armiarmak gaunean behera egitea; halan da bere, armiarma horrek txikitxua, fina, izan behar dau.
Intsektuak lurra bizi-bizi dagoan seinale dira: saltamatxinoak ikusten direnean, lurra bero eta prest dago ereiteko.
Zapoak eta sugeak ez dira ondo ikusiak geurean. Zapoak ikaratu egiten dau bat, halaxe dinoe gure inguruko adinekoek, baserrietan ate azpitik sartzen dirala-eta. Zapoa ikusita zapaldu eta makila sartu behar ei jako ahotik, eta eguzkipean itxi, sikatzen. Zapoak botaten dauan "babela" edo txistuak benenoa daukala dinoe. Berba egiteko daukagun moduan bere ikusten da zapoa ez dela animalia estimatua: pertsona zapoa dala esaten danean, pertsona hori atzetik, azpijokoan, dabilela adierazi gura da, eta hain zuzen bere, zapoak eta sugeak soloan ibilten dira, azpitik, dana jaten. Ipuin batek dino satorrak begiak aldatu eutsozala zapoari buztanagaitik. Kokolo galanta satorra, itsu geratu zen-eta!
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!