Josu Zabaletaren berben harira

Erabiltzailearen aurpegia Ardi Txikia Beti Bildots 2013-12-11 23:04

Zabal dabil barri ona: Josu Zabaleta saritu dabe Espainiako Itzulpengintzako Sari Nazionalagaz, itzulpengintzaren alorrean eginiko ibilbideagaitik, euskerazko itzulpengintzan aitzindaria izateagaitik eta hizkuntza literario eta poetikoa sortu eta garatzeagaitik.

Euskal itzulpengintzearen sistemea apurka-apurka osotzen eta instituzionalizetan dabilen sasoiotan, oso mezu inportanteak jaso dodaz Zabaletak esan dituanen artean.

Batetik, itzultzailearena lan bakartia dalako mitoa deseregiteko berbak esan ditu. Zabaletak dino itzulpengintzea lan kolektiboa dala, indibiduala baino gehiago: itzulpen lan on bat bitartekoei eta talde on bati loturik dago, pertsona bakoitzak izaten dituan blokeoak gaindituko dituen talde bat beharrezkoa da ofizio honetan.

Bestetik, hizkuntza-aniztasunaren eta kulturartekotasunaren oinarri-oinarrizko bizikidetzarako deiadar bat bere badago esan dituanen artean. Hona hemen EFE agentziaren bitartez La Vanguardia egunkariak argitaratutako Zabaletaren berbak: Reivindicamos -añade- todas nuestras lenguas, el euskera y el castellano, y todo el resto de lenguas que se hablan aqui, porque son nuestras lenguas. Tambien el mongol u otras lenguas que se hablen aqui son lenguas nuestras, porque los futuros premios de traduccion van a ser esos, los hijos de los inmigrantes, tambien en España como ha pasado en otros sitios.

Guztiz bat nator Zabaletaren berbakaz, izan bere, kultur aniztasuna ez da eskolan ingelesa eta frantsesa lako hizkuntza handiak ikastetik etorriko, ezpada euskerea ikasita euren gurasoen hizkuntzetatik munduko literatura itzuliko daben etorkizuneko itzultzaile horreen lumatik. Neure ustez, horixe da euskereak behar dauen diskurtsoa, diskurtso linguistiko hutsetik harago, gure jatorri ezezagunaren magiak itzulpena ostonduten ibili barik.

Zabaldu daitezala lau haizetara Zabaletaren berbak, eta izan daitezala euskal itzulpengintzeari buruzko diskurtso barriaren abiapuntu, euskal itzulpengintzea mitotik urruntzeko bidea, benetako kultur aniztasunerako bidea. Uxala. Edo: Insha'Allah.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu