Euskal txokotxua Parisen
2013-11-18 13:47Euskal Herrian bertso-txapelketa nagusiko giroan sartuta daukadaz lagunak… Eta neu horren penaz, ez dot guzurrik esango. Halanda bere, neuk be badaukat neure euskal txokotxua Parisen. Datorren astean, ganera, bertso afaria eukiko dogu Miren Amuriza eta Xan Alkhat bertsolariakaz. Izan be, Pariseko Euskal Etxea jaietan dago: hamar urte beteten ditu Saint Ouenen. Ospakizun hori dala-eta antolatu da bertso-afaria; nik neuk egindo dodaz gidari beharrak.
Halanda be, datorren astekoa ez da Pariseko Euskal Etxeko lehenengo bertso saioa. Kasu baterako, eta kuriosidade legez, aitatu beharrekoa da 1969an Bertso Txapelketa jokatu ebela hemen, Parisen (Euskal Etxean), Azpilagak eta Lopategik, Xalbador eta Mattin bertsolarien kontra.
Pariseko Euskal Etxeak bildu izan ditu arrazoi askotarikoakaitik Pariseratu diran euskaldunak. 750 kide inguruko komunitatea biltzen dau. Argitxu Camus Etchecoparrek 2001eko tesi-lanean dinoan legez, 12.000 euskaldun egoazan Parisen 1950ean, eta hareen ondorengoak kontuan hartu ezkero, euskal jatorriko 30.000 paristar dagoz  gaur egun.
Pariseko Euskal Etxea da dudarik barik erreferenterik nagusiena euskal komunidadearetzat, baina ez da euskal arrasto bakarra: ia auzo danetan dago euskal jatetxeren bat, eta euskal produktuak beren-beregi markatuta dagoz saltoki batzutan. Horrez ganera, ez dira gitxi hirian dabizan euskal erasmus-ikasleak, ez eta lanera etorritakoak bere. Euskara eta euskal kultura ikasten daben 30 ikasle be badagoz Sorbonne Nouvelle unibertsidadean: batzuk frantziarrak eta beste batzuk atzerritarrak.
Eta historian zehar atzera egin ezkero be, euskal arrastoak: erbesteratutako Eusko Jaurlaritzak, kasurako, argiaren hiriburuan euki eban egoitza Rue Marceau kaleko 11. zenbakian.
Euskarazko lehenengo grabazinoa be Parisen egin zala bazenkien?
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!