Animaliak euskal sinbologian (IV): errituak

Erabiltzailearen aurpegia Ardi Txikia Beti Bildots 2013-11-09 01:58

Antzina, baina hainbeste bere ez dala, etxeko errituetan parte hartzen eben abereek: bedeinkatu egiten ziran udabarrian, etxeko baten bat hilten zanean heriotzaren barri emon behar izaten jaken, eta arranak kenduta lutua beteten eben eurek bere. Ohiturea zan etxeko abereai zuka berba egitea, errespetuaren seinale. Horrez ganera, animaliak gaixotasunetatik babesteko, ekintza ezbardinak egiten ziran, batzuk magia modukoak: mezak bere atararazo izan dira abereak osatzeko, eta begizkoatatik babesteko kutunak ipinten jakiezan...

Etxea eta etxekoak babesteko egiten ziran errituetan eta bendizinoetan abereak bere sartzen ziran, eta, kasu baterako, Gabon gauean bendezidutako ogia, mantelpean eukiten zan hori, animaliai banatzen jaken, edo txakur amorratuai emon.

Abereen bendizinoari lotutako egun daukaguz: San Anton (urtarrilaren 17an) eta San Blas (otsailaren 3an).

San Anton egunez abereek ez dabe beharrik egiten, eta batzutan jateko gehiago bere emoten jaken. Egun horretan, ermita ingurura eroan eta abadeak bedeinkatu egiten zituan etxeko animaliak herri askotan. Korta bere bedeinkatu egiten zan. San Anton abereen osasunaren eta ugalkortasunaren zaindaria da, halan da ze, behi batek umea egiten ebanean, kasurako, San Antoni kandela eroaten jakon; “San Antoninok jagongo ete dau?” esaten zan piztiak gaixorik egoazanean. Ondo ezaguna da “San Antonio, San Antonio, txarria gaixo danean, San antonio ez da esaten txarria jaten danean” kopla. Kortan San Antonen, San Antonioren, irudiak ipintea bere ohikoa zan, kortako abereak begizkoetatik zein bestelako gaitzetatik babesteko. Ermita eta eliza askotan aberez inguratuta agertzen da San Anton irudi eta eskulturatan.

San Anton Gurenen arranarena bere aitatzekoa da: sasoi baten Urkiolako santeru batek Bizkaiko herrietan zehar egiten eban bidea, eskuan santuaren irudi bat eta arran bat eroazala. Arran horreri esaten jakon Anton Gurenen arrana. Etxeetara ailegauta, “Aita San Anton ta mutil, atean gagoz zuri begira” esaten eban. Etxekoak ur pitxar bategaz urteten eben eta santeruak hiru bider pasetan eban pitxarreko ura arranetik (edo, ostean, arrana uretan sartzen eban). Ur horrek animalien gaixoak osatzeko ahalmena ei eukan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu