Telmok akordaurazotakoak

Erabiltzailearen aurpegia Ardi Txikia Beti Bildots 2013-08-06 21:00   Musikea

Muturbaltz antzekoa nintzan umetan: kasu handirik ez neutsen egiten papuak laztanka eta kasu egin guran etorten ziran andrai (andrak izaten ziran gehienak, eta ikastolako gazteak be, grazia egingo neutsen, txiki-txikia eta betaurrekodun ume kirruduna nintzanez).  Kasua da ze itaunak be egiten eustiezala: nora doa neskatotxua? Zelan ikastolan? Zer jan dozu? Zer dinozu?... eta ni mutu. Berba danak etxerako itxiten nituan antza. Dana dalakoa joaten zanean hasten zan nire parrafadea: ia nor zan kasu egin eustan ha, ia zergaitik eroan halango alkondarea, ia zegaitik eukan halako keinua, aurpegikerea, tonua edo berbakerea…

Hori dana kontau egin deustie, baina halango akordu bat be badaukat, ez pentsa. Halangoak burutik paseten jatazana gogoan dot: ondo ezagutzen ez dodan persona honek zertan egiten deustaz ba keinuok eta laztanok, zetan itauntzen deust ezer, ardura jako ala?

Orain neu naz umeai kasu egiten deutseen horreetako bat. Bai, gustuko dot umeai berba egitea, eurakaz olgetea, euren berbetea aditutea. Oraintxe bertan ume bi dabilz etxe aurreko txinboetan, eta aitortuten dot ondo gustura entzungo neukela zer darabilen.

Eskerrak kasu egiten deutsiedan ume danak ez diran ni nintzan modukoak. Batzuk, antza, ez ditue niretzat neuk nerabilzan berba langorik euren gogoan: lehengoan Telmok eguna alaitu eustan. Donostian abesti bat kantau neutsan eta pozik eskatu eustan hainbatean errepikatuteko. Amari kanta-eskean ibili da antza lehengoan, eta amak kantea jakin ez. Telefonoz deitu behar, akabuan, kantea atzera kantetako. Eta ni pozik, umeari telefonotik kantuan: Pasaiako plazatik, dator notizia...

Kontu txikia da, baia hainbat gauza akordaurazo deustaz: umeak deitu deustaneko poza, umetan ni ze desbardina nintzan, kantea bera, gogoratuten dodan lehenengo Durangoko Azokan erositako komikia eta kasetea (bertan etorren kantea)...

Eskerrik asko, Telmo.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu