Itzulpenak lau eskutara (IV)

Erabiltzailearen aurpegia Ardi Txikia Beti Bildots 2013-07-28 00:04   Barriketan

Azkenaldian euskarara itzulitako literatura: bideak, joerak eta esperientziak izeneko udako ikastaroan emon genduzan jazzaldiaren aurreko egunak Donostian.

Askotarikoak izan ziran bertan entzundakoak eta eztabaidatutakoak, danak be interesgarriak. Hasi dira han-hor-hemen ikastaroari buruzkoak idazten: berbarako, mahai-inguruaren barri daukazue Boligrafo gorria blogean; eta Elearazi guneko lagunek be laster argitaratuko dabe ikastaroaren kronikea.

Nik Xabier Olarrarena hautatu dot hona ekarteko, izan be, lehenago be landu izan dogu gaia “Itzulpenak lau eskutara” izeneko sailean. Beste atal bat gehitzeko apropos-aproposa Olarraren berbeta..

Xabier Olarra behin baino gehiagotan probatuta dago itzulpenak lau eskutara egitetik. Bere esperientzien arrazoien eta lan egiteko moduen barri emon eban, eta kontatuako prezio berean dakartsuet hona.

Hobbita euskaratu ebenean, Sergio Ibarrolak egin eban itzulpenaren oinarria, eta Olarrak testua orraztu eban, atal batzuk moldatzeaz ganera. Olarraren sinadurearen arrazoia edizino lana izan zan zati handi baten, baina ez hori bakarrik: diru-laguntza bat eskatu behar izan eben argitalpenerako, eta CV potoloago baten beharra ikusi zan.

Jacobian eraikina euskerara ekarteko Arantzazu Royogaz batera egin eban behar Olarrak. Kasu haretan arabiera kontroletan eban lankidea behar eban. Halan da ze, senior beharrak egin zituan Arantzazu Royok. Benetako lankidetza izan zala azaldu eban Olarrak: lanak banatu zituen eta, ganera, hainbat erabagi hartu alkarregaz, sarri ez eukelako Euskaltzaindiaren araurik eskura, kasurako, arabierazko izenak euskeraz emoteko. Glosario bat egitea be erabagi eben, bai eta Koraneko pasarte batzuk eurek euskeratzea be.

Zerua gainbehera dator Fernando Reyk eta Xabier Olarrak itzuli eben, han ibili ziran biak be, lau eskutara itzultzen. Fernando Reyk egin zituan gainbegiratzaile beharrak. Halan da be, zuzentzaileak oso kontuan hartu behar izan zituan Olarrak egindako oharrak (ume berbetaren erabileraren ganekoak beste batzuren artean).

Eserleku hutsa liburukotearen itzulpena izan da Olarrak lau eskutara egindako azkena. Kasu berezia izan da argitalpen aldetik (eskubideak liburua euki aurretik erosi ziran, liburua zelangoa zan jakin aurretik). Arrazoi komertzialak izan ziran kasu horretan lankidetzearen abiapuntua: 550 orrialde bi hilabetetan itzuli behar izan ziran eta. Liburuaren erdia batek eta beste erdia besteak egin beharrean, zati laburragoak itzuli eta alkarri pasatzea izan zan erabilitako bidea. Kapituluka edo itzultzen eben, eta batak bestearena orraztu. Blog honetan bertan daukazue Esti Lizasori egin geuntson alkarrizketa: www.bizkaie.biz/blogs/bg4/?p=177

Ikusi dogun legez, itzulkideakaz ibilteko arrazoiak askotarikoak dira. Hemen euretako batzuk aletu doguz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu