Kristalezko begi bat Maiatzen 29. solasaldietan
2013-05-16 14:28 Jan edanakBaionako Euskal Museoan batu ginan Maiatz alkartearen 29. solasaldien inguruan joan zan eguaztenean.
Jente gitxi batu ginan (hamar lagun), halangoetan ohi legez, baina giro ezin goxoagoan. Protagonistak ur sentiduteak berbak eta testuak jasotea erraztuten dau, eta osteko afaritxura alkartzeak jaiak segitzen dauan gozamena emoten.
Luzien Etxezaharretak Maiatz aldizkariko azken alearen aurkezpena egin eban, eta harpidetzarako deia egin; Itxaro Bordak akuilatu eban Miren Agur Meabe, bere azken liburuaren ganeko solasaldian; eta, akabetako, Oier Guillan olerkariaren Elkartasun basatia izeneko errezitaldi-ikuskizuna euki genduan.
Miren Agur Meaberen berbak dakardaz hona. Lehenago bere egin izan dot berba liburuaz hemen. Solasaldietarako bide oparoa emon dau liburuak eta kritikak be ugari izan dira komunikabideetan.
Adi baina! Personea kontraesankorra da berez (horixe da gure ezaugarrietako bat), eta idazle batek, persona batek, solasaldi baten edo alkarrizketa baten dinoazanak ezin dira orpoz orpo segidu. Izan leiteke gaur bat esan eta bihar bestea esatea, unearen arabera. Sinesgarri egiten jat aitortza hori, bai eta egileak egin zituan beste batzuk be. Halan da ze, esan legez, hartu berbok dirana legez: maiatzeko solasaldiek emon ebena dira, ez dira autopoetika, ez dira biografia, ez dira aitortzak, ez dira topikoak, ez dira legeak eta, badira, era berean.
Liburuaren ezaugarrietako bat literatur-molde anitz alkartzearena da, eta gatxa da genroren baten sailkatutea. Zer da ba, nobela bat? Koaderno pribatu bat? Bietako bat bere ez? Aikor Angel Lertxundik egiten dauan gogoetea: “Nobela bat da? Nobela gisa irakurri nuen nik, nahiz Meabe hurbilegi daukagun testuarekin distantzia hartzeko. Jarraitzekoa izango da liburuak izango duen harrera beste hizkuntzetan eta Meabe ezagutzen ez duten tokietan. Testua egongo da biluzik, testua baino ez. Baina adituek baliote ere ez dela nobela bat, irakurleoi bost. Literatura da. Letra larriz.
Liburua idazteko tarteetako bat kanpoan egin eban Miren Agur Meabek. Erretiroa bakardade sinbolikoa dalako, zeozelan. Kanpoan egoteak probetxu hori dakar, hain zuzen bere: bakartuta egotearena eta sozializatu behar ez izatearena, idazteko tartea hartuta. Eze, geure inguruetan hortxe egon behar dogu, familian, lagunartean, herrian, jagokuzan posizinoetan. Liburuan bertan sozializau behar hori purrustaka egiten da kapituluren batean. (Personea soziala da, bai; baina, askotan bakardadea be behar dau. Parentesi hartekoa neure gogoetea da).
Idazketa prozesuagaz jarraituta: ez ei eban egileak hasikera baten nork irakurriko eban pentsatu, norbere buruagaz zintzoa izateko modu bat izan zan. Gerora agertu zan testuan dator hori: batzutan laguna, bestetan kritikari zorrotza, eta beste batzutan ezezaguna. Hori izan daiteke konfidentzien tonoa bilatu gura izanaren arrazoia, edo irakurleak erakartzeko modua.
Autofikzinoa egiten dau Miren Agur Meabek honakoan. Baina autortzen dau ezebe ez dala %100 egia edo guzurra. Intimidadearen mugea erlatiboa da. Pasarte batzuk fantastikoak emon leikie, eta egiatik beste askok baino gehiago dauke. Eta alderantziz. Autofikzinoaren etiketa orain nabarmendu da batez bere, baina lehenagokoa be bada kontua: aurreko poesia-lanetan ni poetikoa eta ni biologikoa oso hur egozan baita be.
Eta hizkera poetikoaren ganean: Miren Agur Meabek autortu eban berak ahalegina egin ebala barruko poeta hiltzen liburua idatzi bitartean, baina ezin izan ebala erabatean lortu. Liburuak badauka tonu lirikoa bere esanetan, baina ez poema-liburuek beste. Autokontrola da horren arrazoia.
Izenburutik bertatik ondo dakigu, jakin, kristalezko begiak garrantzia daukala. Bada, liburuaren leitmotif modukoa da, eta hortik irradiatzen dira gogoeta guztiak. Egilearen esanetan, kristalezko begiak hiru balio daukaz bere azken lanean: batetik, balio erreala (erreferentziazkoa); bestetik, balio sinboliko (interés literarioak eragindakoa, atzera begiratzekoa, galdutakoen sinboloa da begia); eta, azkenik, balio literarioa (izan be, sarri agertzen da Kristalezko begia Literatura Unibersalean, dala purutasuna adierazteko, dala izarrak adierazoteko).
Itxaro Bordak nabarmendu eban orain arte euskaraz irakurri ez ditugun bizi-esperientziak agrtzen jakuzala liburuan, berbarako, emazteen zahartzeaz. Emakume idazleak irauten ari diren seinalea da.
Emakumearen gaiari helduta, liburuko emakumea gizona eskas daukan emakumea ete zan galdetu eutsan. Eta Miren Agurrek baietz, kasu horretan halaxe dala. Liburuko emakumeak gizon bat behar dau, haragitik jatorkon afektibidadea behar daualako. Baina halan da be, kontraesanak daukaz, eta ez dau afektibidade hori edozein preziotan lortu gura. Izan be, zer da, ba, maitasuna? Ba, norberak maiatsuna dala uste dauan hori. Liburuko emakumeak ahaleginak egiten ditu maitasuna apasionatua izanda be gerarkiarik egon ez daiten harremanean (eta oso zaila da hori, maiatsunean be ez da orokorrean bardintasunik egoten). Labur esanik, maitasun erromantikoaren beharra dauka liburuko protagonistak, baina, beste alde batetik, matxinatu egiten da, maitasun erromantiko hori edozein preziotan ez lortuteko. Zela bizi nahi dot nire autonomia hau? galdetzen deutso bere buruari protagonisteak. Baina, argi dago: aukerak ez dira debalde.
Autoerretratua, gogoetea, izan zan solasadia, liburuaz eta personon izakeraz akabu baten. Eta akabura orduko esaldi handi horreetako bat bota eban Miren Agur Meabek, kontu eginda topikoa emon leikela, baina bere kasuan halaxe dala: idazteak laguntzen deust nire existentzia dominatzen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!