Xerezaderen artxiboa

Erabiltzailearen aurpegia Ardi Txikia Beti Bildots 2013-04-29 00:22 Tren bidaia luzeetako lotarako orduak joan diranean, begiak gehiago irakurteko nekatuegi dagozanean, leihotik begira parauta joateko ilunegi dagoanean... halangoetan, kasurako, kontetan deustaz kontuak Xerezadek. Izan bere, Xerezadek artxiboan testu ederrak daukaz, eta gura dauanari kontetan deutsoz.  Zenbat bider ez ete dan aurten neugaz batera etorri hara-hona, kilometroetan eta kilometroetan. Eta, azkenean be, ausartu egin naz: berba egin ot beragaz, itaunak egin deutsadaz, tren bidaia luzeetako lotarako orduak joan diranean, begiak gehiago irakurteko nekatuegi dagozanean... ondoan jarrita daroazun bidaiari horregaz egiten dan legetxe. - Zelan sortu zan podcastaren ideia? Ikaragarri maite dodaz liburuak eta bereziki ipuin generoa, eta, bestalde, asko gustetan jat irakurketa dramatizatuak entzutea. Orain dala urte batzuk ipod bat erregalau eustien. Literatur podcastak entzuten hasi nintzan, batez be ingelesez, eta bizitza aldatu eustan, modua emon eustalako literaturaz gozetan jarraitzeko irakurteko modua ez neukanean be, adibidez paseoan nenbilenean edo etxeko lanak egin bitartean. Herrialde anglosaxoietan sano normala da audioliburuak erabiltea, baina gurean ez dago horretarako batere ohiturarik, nahiz eta gure aitita-amamak irrati nobelakaz hazi ziran. Euskerazko literatur testuen audioen faltea ikusita, hasi nintzan literatur podcastaren ideiari bueltak emoten eta lagunei azaltzen, taldetxu bat eratzeko asmotan. Jasone Larrinagari hasieratik gustau jakon asmo hori, eta grabazinoak editetako prest agertu zan. Hasiera, ez dot esango gogorra izan zanik, baina bai konplexua. Ez genkian zelan egiten zan podcast bat edo zelan eskegiten zan blog batean. Interneten bilatu genduan; informatikearen arloan guk baino gehiago dakiten lagunei konsultak egin geuntsezan, eta gure kabuz gauza asko deskubridu doguz. Gure asmoa etxean grabetea zan, eta nik mikrofono polit bat erosi neban, baina konturatu ginan inguruko zaratea be grabetan ebala, eta zarata zuri handia egoala grabazinoetan, eta gatxa eta neketsua zan hori garbitzea eta editetea. Hori ikusita, argi egoan zeozelako estudioa erabili behar genduala. Irrati libreren bati baimena eskatzea okurridu jakun, baina gure inguruan ez egoan horrelakorik. Lagun batek gomendatuta, Bilbo Hiria Irratira jo genduan. Gure proiektua azaldu geuntsen eta estudioa erabiltearen truke, gure grabazinoak euren esku ixtea eta gure blogean irratiaren webgunearen loturea egitea eskaini geuntsen. Pozik hartu eben gure proposamena eta bertan grabetan hasi ginan, eta igarri genduan aldea. Esan beharra dago irratiko teknikarien laguntza eskaini euskuela grabazinoak editetako, baina gurago izan genduan geuk egin. Gure proiektuaren partea zan lan hori be geuk egitea, eta ausartu egin ginan. Halanda ze, Bilbo Hiria Irratiko estudioan egiten doguz grabazinoak, etxean editetan doguz, eta Xerezaderen Artxiboaren blogean eskegiten doguz aste bitik behin, astelehenez. Gainera, Bilbo Hiria Irratiak astelehen arratsaldetan emitiduten dau (FM 96.0) gure grabazinoa, eta gero bere webgunean jarten dau. Ikaragarri ondo hartu gaitue Bilbo Hiria Irratian, poz-pozik gagoz eurekaz, etxean bezela. - Zergaitik Xerezade izena? Bada, izen polit eta esanguratsu bat ipini gura genion podcastari eta oso metodo demokratikoa erabili genduan: proposamen zerrenda bat egin eta gure ingurukoen artean botazino bat antolatu genduan, eta Xerezaderen Artxiboak irabazi eban! Egia esan, asko gustetan jaku izena, Xerezade ipuin kontalaria izan zalako, eta bere zuhurtziaz eta hitzaren trebeziaz narrazinoen sare batean harrapatu eban sultana, eta holan lortu eban bere bizia eta ahiztena salbetea. Ziria sartu eutsen sultanari eta Heriori. Gustetan jaku pentsetea bere kontakizunen artxiboaren jagoleak garela gu. - Egileak: Jasone Larrinaga eta Ana Isabel Morales. Bidelagunak be bai, kolaboratzaileak… talde-lana da? Zelan batzen dira kolaboratzaileak? Eskariz, euren borondatez? Hasieran, Saioa Gabikagogeaskoa be alkartu jakun. Saioak eta biok grabetan genduan eta Jasonek editetan eban. Gero, beharreko kontuakaitik Saioak itxi egin eban ataza hau, baina konbidatu nahikotxu euki doguz grabazinoetan: Iñigo Roque, Jaione Agirre, Oihenart Garai, Luistxo Fernandez, X10, Harkaitz Cano, Meli Perez, Maialen Unanue… Geuk eskatu deutsegu irakurteko eta eurak jator-jator etorri dira estudiora geugaz grabetan, zero patatero euroren truke. Eta ahotsaz edo testuez kolaboratzeaz gan, blogerako aholku oso onak emon deuskuzan lagun bat be aitatu gura dogu bereziki: Edu Lartzanguren. Edozelan be, egunerokoan bi lagun baino ez gara Xerezaderen Artxiboko taldea: Jasone Larrinaga eta ni neu. Ai… horregaitik ibilten gara batzuetan hain itota eta heldu ezinik! Baina honenbesterik behin topa be egiten dogu Xerezaderen omenez. - Zelan egiten dozue ipuinen/testuen hautaketea? Zelangoa izaten da grabazino-prozesua? Lehenbiziko aukerea gustuen araberakoa da: maite doguzan testuak irakurten doguz, gehienbat ipuinak (helduentzako narrazinoak, hain zuzen), guk geuk ezagutzen genduzanak edo bateren batek gomendatutakoak. Batzuk euskeraz idatziak dira jatorriz, eta beste asko itzulpenak. Askotan gertatzen da literatura unibersaleko lan bikainak euskeraz zoragarri euskeratuta dagozala eta irakurleek jakin be ez dakitela hor dagozanik, aspaldi itzuli ziralako edo behar bezelako zabalkunderik ez ebelako izan (edo aurreretxiakaitik, ohitu garelako klasikoak beste hizkuntza batzuetan konsumiduten). Gure ustez oso garrantzitsua da entzuleei lan horreek ezagutzera emotea. Benetako altxorrak dagoz gure hizkuntzan, bai jatorrizko lanak, bai itzulpenak, eta merezidu daben zabalkundea emon nahi deutsegu. Bestalde, guk asko maite dogun piezaren bat euskeraz ez badago eta guk jatorrizko hizkuntzea baldin badakigu, itzuli egiten dogu, biok gara eta itzultzaileak. Jatorrizko lanei jagokenez, edo copyrightik bakoak dira edo egileen baimenagaz plazaratu doguz, eta gauza bera itzulitakoak diranean: beti eskatu deutsegu baimena itzultzaileei, gure proiektuaren barri emonez. Inork ez dau ezetzik esan eta, oro har, sano ideia polita iruditzen jake eta animoak emoten deuskuez. Oso jator dabilz itzultzaile guztiak eta bihotzez eskertzen deutsegu. Batzuek propio egin ditue itzulpenak gure podcasterako, eta azpimarratzekoa da podcastean daukaguzan testuetako batzuk ez dagozala beste inon euskeraz, eta, areago, baten batzuk ez dagozala gaztelaniaz be. Podcastaren beste alderdi interesgarri eta positibo bat beste medio batzuetan izan dauen jarraipena edo emoitzea da: esaterako, guk audioan plazaratutako primizia batzuen testu idatziak (John Cheeverren 'Igerilaria', Ursula K. LeGuineren 'Legez kanpokoa', biak Jasone Larrinagak itzuliak) Armiarma.com-en argitaratu dira gero. 'Hormako paper horia' (nik neuk itzulia) Edo! argitaletxeak argitaratu eban liburu moduan. Iñigo Roquek gure podcasterako itzulitako Pessoaren poemak be liburu gisa argitaratu ziran, Poemak pluralean izenagaz. Grabazino prozesua dala eta, lehen esan dogun moduan, gehienbat Bilbo Hiria Irratiko estudioan grabetan dogu, tarteka etxean be zeozertxu grabetan badogu be, denporaz oso estu gabiltzanean. Gero, audio artxibo hori editau egin behar da, hau da, zaratak eta errakuntzak garbitu, eta soinuak (ate baten zaratea, trenaren burrunbadea, tiro-hotsa…) eta musikea jarri. Hori guztia, Audacity izeneko dobako programa bategaz egiten dogu. Denporagaz asko ikasi dogu arlo horretan be. Hasieran nahiko behar izaten genduan ahotsaren bolumena ondo ipinteagaz eta errakuntzak kentzeagaz, efektu batzuk ipini eta ez ginan beste ezer egitera ausartzen. Orain danetarik ipinten dogu, efektuak eta musika asko. - Zelango harrera izan dau zuen ekimenak? Zer gogoeta jaso dozue jentearengandik? Guk uste dogu harrena ona izan dauela, baina apur bat kostau da. Blogean dagoan kontagailuaren arabera, 8.000 bisitari euki doguz orain arte; gainera, iTunes-en be badago eta hortik be jente asko sartzen da. Eretxi onak jaso doguz, oro har, baina entzuleen feedback gehiago gura geunke. Entzuleen gustuak zeintzuk diran jakingo geunkez, zer egiten dogun txarto eta zer ondo, zer gustetan jaken gehien, zer gitxien… Batzuetan Twitterren bidez heltzen jakuz komentarioak, eta asko eskertzen doguz, baina horreek haizeak daroaz, eta edozein entzulek atal bakotxari jagokozan iruzkinak ikusi ahal izateko, onena litzateke blogean bertan ixtea. 2012ko zemendian jai bat antolatu genduanpodcastaren lehen urtemugea ospatzeko. Hainbat testuren zuzeneko irakurketea egin genduan jentaurrean, konbidatu entzutetsuakaz (Iban Zaldua, Goizalde Landabaso, Luistxo Fernandez eta Iñigo Roque), eta aukerea izan genduan gure irakurle leialetako batzuk zuzenean ezagutzeko eta eskerroneko besarkadea emoteko. Espero dogu zuzeneko holako saio gehiago egitea, oso bizigarria baita ipuin on bat entzutearen plazerra maite daben beste lagun batzuekaz alkartzea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu