Hizkuntza saltsan
2013-04-05 01:33 Lengua en salsa, hizkuntza saltsa: horixe izan zan Itzulpengintza eta interpretazino karrerako lehenengo promozinoko ikasleek ikasbidairako kamisetetan ipini eben leloa. Horixe edo antzeko bat, artean hasibarriak ginan gu eta ez nenduan berbaz berba ikasi… Ez jat izenburu aproposagorik otu lehengo baten jazotakoa ekarteko. Kokatzeko: Baiona, L’autre cinema aretoa. Bernardo Atxagaren Bi anai liburuan oinarritutako izen bereko filma (Imanol Rayok zuzendutakoa): euskeraz, azpitituluak frantsesez. Ostean, Atxagaren ganeko dokumentala (Joxe Angel Arbelaitzek zuzendutakoa) euskeraz, azpitituluak frantsesez. Halango baten, eten egin zan proiekzinoa; antza, txarto grabauta egoan frantsesezko azpitituluak eukazan zintea, eta, une batetik aurrera, euskerazko soinua eta espainolezko azpitituluak. Eta dokumentala akabaukeran, hainbat lagun mahai bueltara: moderatzailea, itzultzailea, Bernardo Atxaga eta dokumentalaren zuzendaria. Moderatzailea, frantsesez; dokumental-zuzendaria, euskeraz; itzultzaileak azken horren bersinoa frantsesez; Atxaga, frantsesez. Atxaga frantsesez, batzutan kostata… behinola ikasitako frantses horretan, gu lako frantses-hiztun barriok egiten dogun halako baten. Total: kostata ebilela bera, eta kostata ulertuko ebela frantses elebakarrek (halan uste dot nik). Entzuleen artetik euskeraz egiteko eskatu eutson ahots batek, eta kasu egin eutsan idazleak: halan bai, bere hizkuntzan moldatzen zan! Baina, orduan, moderatzaileak komeriak, antza! Eta itzultzaileak! Zelan jokatu jakin ez! Nik neure artean ia benetan ekarri ete eben itzultzailea filma zuzendariaren berbak itzultzeko bakarrik… (deformazino profesionala…) Moderatzailearen eskaria: arrazoi praktikoak zirala-eta hobeto zala frantsesez egitea. Atxagak amen. Frantsesez segidu. Arrazoi praktikoak! O là -là ! Saio akabuan entzule batzuk hasarre antzean, Atxagak euskeraz egin behar ebala eta; beste batzuk bardin, baia ia zertan egin behar ete eban Atxagak euskeraz frantsesez jakinda; beste batzuk, ostera, pozik, horixe dala hain zuzen be hizkuntzen aniztasunaren paisaia, batetik bestera salto egiteko erea eukitea. Nik neure barrurako: erea eleanitzek baino ez daukie. Elebakarrek ez daukie aukera handirik. Zenbat akordetan jatazan karrera sasoiak! Akordetan jataz izenburu legez ipinitako leloko berbak. Eta irakasle batenak: egunero-egunero hospitaleko sarreran norako asmoa eukan itauntzen eutsen, egunero egunero: zaintza berezien gelara, ¿a donde?, a la sala de cuidados intensivos errepikatu behar izan ei eban sasoi baten. Sekula betiko barruratu dot irakasle haren gogoetea: elebidunen kasuan, batek euskeraz eta besteak erderaz egin leikie, eta alkar ulertu. Elebakarrek daukie arazorik handiena. Arazoa ez ete da, ba, elebakar izatea? Aikor, hizkuntza saltsan.Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!