Atzerriko ikasleen oharrak euskal literaturearen ganean

Erabiltzailearen aurpegia Ardi Txikia Beti Bildots 2013-03-29 01:35

Parisen euskal literaturearen ganeko eskolak emon ostean, irakurritako testuek zer inpresino eragin deutsen itaundu deutset ikasleai, feedback eskean; zeozelan be, orde eskean, frantsesera itzulitako euskal literatura garaikideko testuak batu, aukeratu eta landu ostean. Eretxiak, gogoetak eskatuta halangoak eta bestelangoak esan deustiez.

Ba ei daukie euskal idazle garaikideek intsektuakaz zer edo zer. Mariasun Landaren txingurriak, Miren Agur Meaberenak… Unai Elorriagaren libelula… Sarrionandiaren armiarma…

Nabarmena ei da, antza, euskal munduaren eta naturearen arteko lotura estua, intsektuak ageri dira sarri, baia bestelako piztiarioa be beti hortxe: muskerrak, behiak, txoriak…

Bolibian luzaroan bizi izandako andrak loturea egin dau Koaderno gorria liburuko protagonistearen eta euren lehengusina gerrillari sartutakoaren artean…

Beste batek ulertu ei dau inoz ikusi bako euren amama euskaldunak zergaitik ez ei eban besarkatu, bere orduko harridurarako. Euskaldunaren hoztasun estereotipikoa bere larruan bizi izan ei eban, eta Atxagarenean topau ei dau idatzizko ispilua.

Eta beste bat: garaipenik bako herriak heroirik ez. Pertzepzino hori be ba ei dauke irakurle paristartuek. Euskal literaturako pertsonaia asko eta asko galtzaileak dira, zaurituak, deserriratuak, gerraren biktimak, gaixoak…

Azken horrek pentsarazo deust Kirmen Uriberen berbetan.

Hauxe esan zidan Aitzolek:

– Heroi baten istorioa kontatu behar duk.

– Baina niretzat ez zagok heroirik. Pertsonen alde hauskorra gustatzen zaidak niri, ez balentriak. Beldurra ematen zidatek heroiek.

– Ez nauk halako heroiez ari. Jende arruntaz ari nauk. Heroiak zaudek hor zehar, lehen eta orain, hemen eta mundu zabalean; heroi txikiak, jendea laguntzen dihardutenak.

Isildu egin nintzen orduan. Gaur egun arrazoia ematen diot. Heroiak daude hor zehar, lantzean behin hil egiten zaizkigunak.

Bada, hementxe duzu heroi baten istorioa, nire bihotzeko laguna.

(Kirmen Uribe, Mussche)

Pentsarazo deust haren berbetan eze... badaukaguz bestelango heroiak, heroi handiak, geure literaturan?

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu