Euskal Kantagintzearen Historia

Erabiltzailearen aurpegia Ardi Txikia Beti Bildots 2013-02-25 12:01

Batekoa dala, bestekoa dala, aspaldion 'euskal' adjektibodun historia piloa kontau behar izan dot (eta entzun), gurean eta atzerrian. Ez da erreza izaten 'euskal historiak' ordu baten edo ordu eta erdian labur emotea… Baina, tirozu, harako harek esaten eban gauza errezak egiteko ez garela mundura etorri, eta kontua, antza, gauza gatxak egitea, eta ondo egitea, da.

Bada, lehengo baten Euskal Kantagintzaren Historia emonaldiaz, Mikel Markezek eta Eñaut Elorrietak abian ipinitako proiektuaz, gozetako erea euki nenduan Baionako Euskal Ikasketetako fakultadean. Eskolarik eskola ibilteko asmoa daukie bi kantariek, gaztetxuai geure kantagintzea zer izan dan eta egun bizi dogun egoerara zelan aillegau dan azaltzeko.

Halan da be, edonorentzat da aproposa emonaldia. Batzuk hamarkada jakin bategaz egiten dabe loturea, beste batzuk, ostera, kontetan dan historia osoaren lekuko dira. Kassetearen hamarkadakoa nazela kontuan hartuta (hamarkada bakotxa musika-formatu bategaz lotzen da modu oso grafikoan emonaldian), ederra izan zan irratira deitu eta ipini osorik, grabetako da-ta esaten genduzanekoak gogora ekartea, eta mix, max-mix eta re-mix izendun etxeko kasseteak han-hor-hemen eukiten genduzala akordarazotea.

Hamarkadaz hamarkadako bidaia da eskaintzen deuskuena 60ko hamarkadatik hona: testuingurua kokatu (gizarte eta historia zertzeladak emon, baita garaian garaiko drogena be), formatu jakin bategaz loturea egin (diskoa, kassetea, CDa, MP3a…) garaiko kantagintzearen barri emon (bideoklipak, grabazinoak, argazkiak, diskoen portadak, kantak, taldeak…) eta, zelan ez, Markezek eta Elorrietak abestutako kantak.

Parisen egindako lehenengo grabazinotik gaur arteko ibilbide ederra.

Hemen Mikel Markez bera ekitaldiaren ganekoak azaltzen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu