Zerua gainbehera datorrenean...
2012-12-13 23:42 Musikea Zerua gainbehera dator izena dauka Lorenzza Mazzeti egilearen eleberriak, Xabier Olarrak eta Fernando Reyk itzuli ostean Igela argitaletxearen eskutik labatik urten barri danak. Bigarren Mundu Gerra sasoiko bizipenak dakarz egileak, ume baten ahotsetik. Gogora ekarri deustaz Mariasun Landaren Iholdiren ahotsa edo Unai Elorriagaren Vredaman eleberriko umearen berbeta. Seguruenik horixe izango zan itzultzaileen erronka handiena: umearen ahotsari eustea. Lortu dabela esango neunke, badirelako gure inguruan umeek baino esaten ez dituezan esakuneak. Umeen ahotsa dala ta, aitatutekoa da sano berezia dala egilearen jokoa: historiaren eta testuinguruaren barri umeen antzeratze-olgeten bidez emoten deusku: Ni harako general ha izango naz eta zu harako etxeko neskamea…, eta inguruan ikusitakoak antzeztuagaz bat ezagutzen dau irakurleak egoerea. Badauka olgetatik, amesetatik, ingenuidadetik… baina badauka baita be sufrimendutik. Mariasun Landari irakurri neutsan behin umezaroa idealizau egiten dogula nagusitan, baina umeek uste doguna baino gehiago sufriduten dabela. Beharbada ez nagusiek sufriduten daben arrazoi berberakaitik, baina sufrimendua izan bada euren baitako hori. Eleberriko neskatilea umezurtza da. Osaba juduarenean bizi da, eta ondo zaintzen daben arren oinazealdiak daukaz, ume danek legetxe. Erlijinoa dala-ta bildurrez agertzen jaku sarri. Une gogor asko dagoz liburuan, halan da be, honako honek, esaterako, shock egoera antzekoan itxi ninduan, sano hunkitu ninduan: Penny zoaz osabaren bastoia ekartzera; Penny igo xakearen bila; Penny zoaz betaurrekoen bila; (…). Eta gero oihu egiten didate. Jakingo balute halakoetan zer-nolako pentsamendu beltzak etortzen zaizkidan burura! Ez dakite suizidioan ere pentsatzen dudala batzuetan. Hilko banintz, orduan bai, denek maiteko nindukete, eta izeba Katchenek bizkotxoak ekarriko lizkidake, eta osabak lekua egingo lidake bere ohean izena Katchenen eta bien artean, eta estu-estu besarkatuko nindukete eta negarrez hasiko nintzateke emozioarekin. Beraz, honako hau idatzi dut orri batean: “Neure burua urkatzera noaâ€, eta halaxe egin dut, baina nola ez nintzen hiltzen, ezkutatu egin naiz soka lepoan nuela Villako goi-goiko sabai-leiho batean, eta handik ikusten nituen esker-eskuin korrika (…)(Zerua gainbehera dator, 69. or)
Liburu ederra da bai, baia gogorra, azken orrialdea malkoz bustiten dan horreetakoa.Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!