Bertsolari
2012-11-09 20:24Bertsolari pelikulea 2011ko urrian plazaratu zan zinema-aretoetan. Nik ez daukat atxakirik, aste honetara arte ez dot ikusi; aspaldion bertsoa alde batera itxita daukat-eta… Tirozue, itxita eukitearena berba egiteko modu bat da, izan be, pelikulan esaten dan lez, bertsogintzea biziteko modu bat be bada, eta ezinezkoa da itxitea. Izan bere, bertsoaren inguruan ibili garenok (eta modu batean edo bestean gabizanok) ez dogu bat-batean kantetako gaitasuna landu bakarrik, gizarte-inguru jakina, hizkuntzeagazko lotura estua, pentsetako modu jakina… be hartu doguz. Zeozelan, bertsoak egin be egin gaitu.
Pelikulea ikusi eta gauza askogaz identifikauta sentidu dot neure burua, eta bat nator pelikuleak bertsogintzeaz emoten dituan ideiakaz: bertsogintzea soila da, parafernaliarik bakoa, eta horixe da daukan edertasunik eta baliorik behinena; bertsogintzea gizarte-eragilea da: batasuna; bertsolariak sufridu egiten dau publikoaren aurrean, amildegian; baina baita gozau be; bertsogintzea belaunaldien arteko loturea da…
Eta zer esanik ez, bertsolaritzea pelikulan hainbesteko lekua daukan itxi-edegiko egurrezko aulki hori da.
Zenbat ordu ez ete doguzan pasau aulki deseroso horreetara eperdia lotuta. Hainbesteraino eze, aurtengo egutegian aulki horreen argazkiak ikusi doguzan hilerik hile (Bertsozale elkarteko egutegia euki dogunok bai, behintzat); hainbesteraino eze, aretoren baten aulki erosoagoak daukaguzanean… ezpa, ez gagozan nasai.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!