Idazleen lanlekuen ganean

Erabiltzailearen aurpegia Ardi Txikia Beti Bildots 2012-05-16 18:00

Lehengo baten itzultzaileen biltzar baten izan nintzan. Bertan entzun neban itzultzaileen lanlekuen gogoetea egiteko jardunaldiak atontzeko asmoa bere baegoala. Izan bere, itzultzaileen zein idazleen ohiko berbagaia izaten da idazteko erabilten daben lekua, espazioa, eszenarioa… Eta sarri ikusi izan doguz kazetetan zein telebistako literatura-saioetako irudietan idazleen lanlekuak. Literatura-lanetan be sarri agertuten da gaia. Aikor Joxean Agirreren Zwei Frauen (Bi emakume) lanean agertuten diran pasartetxu batzuk, idazlearen lanlekuaren ganean:

Garbi nuen idazteko leku bat, lanerako ordutegi bat, dieta orekatu bat eta beste hainbat zertzelada txiki egokitu behar nituela. Proustek erakutsi zidan zein garrantzitsuak diren idazlea eta bertako argia (garai batean beheko sua ere bai). Berak, esate baterako, gauez eta gela itxi batean idatzi zituen, Haussmann kalean lehenik eta Hamelin kalean gero, bere obraren zati nagusiak farola baten argitan. Isiltasuna ere ezinbestekoa zuelarik, goiko etxebizitzako haurren joan-etorriek molestatu egiten zutela-eta, galtzerdi pareak oparitzen zizkien tarteka. (52. or.)

Nik ez nuen goiko etxebizitzako umeen beldurrik, sabaian teilatua bainuen, bere isuri eta guzti. Eserita nengoen lekutik, ordea, begiak altxatu eta itsasoaren zati bat ikus nezakeen eta horrek harrotzen ninduen, itsasoaren zati bat ikustea Itsaso osoa ikustea bezala baita. (52. or.)

Idazlelearentzat bere gelak gordeleku izan behar du, baina aldi berean munduari begiratzeko talaia ere bai. (52. or.)

Banekien, noski, gela bera baino garrantzitsuagoa zela idazmahaia, idazteko moduarekin lotura estua duelako. Kafkak, esate baterako, ez zuen bidaia luzerik egin nahi izaten, bere idazmahaitik urrun ezin zuelako ezer taxuzkorik idatzi. (53. Or.)

Honeek aitatutako liburuan dagozanak, baia asko eta asko dira, osterantzean bere, lanlekuen ganean berba egiten daben testuak. Gogoan daukat, berbarako, Zabaleta itzultzaileak zelan kontetan eban Internetik ez egoan sasoian hiztegi bakotxa atril baten ganean ipinten ebala, beharrean ebilen mahaian, testuaren inguruan.

Lanlekuaz egin dogu gogoeta txikia, baia literatur-testuzaleen artean sarri agertuten dan beste gai bat liburuak eta liburutegiak atontzeko modua da. Hori beste baterako itxiko dogu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu