Berrargitalpenak (I)

Erabiltzailearen aurpegia Ardi Txikia Beti Bildots 2012-04-13 14:14   Musikea Liburudendatan zein liburutegietan, nobedadeen apaletan, sormen-lan barriak eukiten doguz, baina baita berrargitalpenak bere. Gaiaren ganeko gogoetarako tartea hartu guran, han-hemen gabiz itaunka, berrargitalpenak zergaitik, zelan, zertarako… egiten diran. Oraintsu urten dau Joseba Sarrionandiaren narrazioak biltzen dituan liburuak, hain zuzen bere izenburu horretxegaz: Narrazio guztiak (1979-1990).

Elkar argitaletxeak egin dau edizino-lana, eta bertako arduradunagaz, Xabier Mendigurenegaz, egon gara, liburuaren ganekoak eta berrargitalpenen ingurukoak berbagai.

1.- Desbardina da liburu baten argitaraldi barri bat egitea eta liburua berrargitaratzea, ezta?

Eguneroko hizkeran bereizten ez badoguz be, berrargitalpenak bi eratakoak izaten dira: batetik, berrinprimatze hutsak dagoz (lehen bezela ataraten da liburua, aldaketarik barik), eta bestetik edizino lana egiten dan liburuak, itxura edo hizkuntza edo biak aldatuz; aldaketa horreek azalekoak edo sakonak izan daitekez, kasuaren arabera. Erdibideko kasuak be badira: funtsean berrinprimidu egiten da liburua, baina errata batzuk konponduta. 2.- Sarrionandiaren Narrazio guztiak berrargitaratu da oraintsu. Hiru liburu batu dira bakarrean. Zerk eragin dau berrargitalpena? Euskadi Sariak izan ete dau eraginik? Ez, Euskadi Sariak ez dau eraginik izan: askoz lehenagotik egoan programauta, baina idazleak Moroen liburua amaitu nahi zeban lan honi ekin baino lehen. Zerk eragin dauen? Bi faktore izan dira: alde batetik, hizkuntza aldetik batasunak bide handia egin dau, eta 80ko hamarkadan argitaraturiko liburu hareek halako itxura zaharkitu bat euken, eta irakaskuntzarako desegokia, aldi berean. Bestalde, irudipena neukan, hiru liburuak batean batuta (eta horreen aurreko ipuin batzuk gehituta), emoitzea obra bakarra izango zala, koherentea, eta solte argitaratuta baino ederragoa eta sendoagoa; Atxagaren Obabakoak-en gertatu zan lez. 3.- Izan be, hiru ipuin gehitu jakez aurreko liburuetakoei… 1980 baino lehenagokoak dira hirurak, egilearen liburuetan inoiz argitaratu bakoak. Figlio di cane deritzana, Pott aldizkarian atara zan. Maggie indazu kamamila Xaguxarra aldizkarian. Eta Enperadore eroa, Bilboko ipuin saria irabazi ebana, Udalak argitaratu eta alkateak su emon eutson edizino osoari, ipuinetako bat desegokia iruditu jakolako edo. 4.- Zelako aldaketak egiten dira holako berrargitalpenetan? Ez dago aldez aurreko legerik. Batetik, hizkuntz arau barriak hartzen dira aintzat; adibide xume bat: gogora erazi ipinten eban lekuan gogorarazi zuzenduko dogu. Atzemondako akatsak eta erratak be bai, jakina. Hortik aurrera, idazleak nahi badau, aldaketa sakonagoak be egin daitekez: estiloan, batez be; edukia aldatzea be posible litzateke, egileak erabagi ezkero, baina normalean ez da holakorik gertatzen. 5.- Idazleak,  zuzentzaileak,  editoreak zelan parte hartzen dau berrargitalpen-prozesuan? Egilearen nahiak agintzen dau. Berak zuzendu nahi badau liburua, holan egingo dau, eta editoreak ondotik errepasauko dau testua, zuzenketak ondo ete dagozan ziurtatzeko. Beste batzuetan, barriz, lan nekagarria danez, idazleak ez dau interes berezirik; orduan, editoreak berak, beste zuzentzaile batek edo biek egin leikie zuzentze lana, eta idazlearen oneretxia eskatu gero. 6.- Kasu honetan zelan izan da? Juan Luis Zabalak egin eban lehenengo egokitzea. Ondoren nik neuk emon neutson beste buelta bat. Eta azkenik egileak berak egin dau aldaketa sakonena. 7.- Zure ustez, zelan hartzen ditu irakurleak berrargitalpenok? Esango neuke irakurle normala ez dala konturatzen, eta ez dau zertan, jakina, bera ez baita ibiliko bi edizino desbardin konparetan. Irakurleak sentidu behar dau testua ondo dagoala, idazleak idatzi lez baina Akademiaren arauak betez; holan gozau ahalko dau liburuaz, edizinoaren gorabeherez ardurarik izan barik. 8.- Eta irakurle ez-normalaren, adituaren, begietara zelan ailegetan dira? Ba, ez dakit. Nik uste oso ariketa interesgarria izan daitekela bersinoak konparetea, esaterako, Sarrionandiaren obra ezagutu nahi dauenarentzat, gure hizkuntzearen bilakaerea ez eze, egilearen estiloa zelan aldatu dan be erakusten dauelako. 9.- Azken finean, zein da berrargitalpenon funtzinoa? Liburua irakurleen eskura jartea, ahalik eta modurik egokienean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu