Elizabete Manterolagaz bere tesiaz berbetan
2012-03-15 18:56 Orain bi aste pasatxo aurkeztu eban Elizabete Manterolak bere tesia EHUko Gasteizko Letren Fakultatean. Honakoa dau izenburua Manterolaren lanak: "Euskal literatura beste hizkuntza batzuetara itzulia". Bernardo Atxagaren lanen itzulpen moten arteko alderaketa egin dau, ganera. Ibon Uribarri izan dau zuzendari. Ikerketa-lanean euskal literatura itzulia aztertzea izan dau helburu nagusi. Horretarako, euskal literaturatik beste hizkuntzetara zer itzuli dan aztertu gura izan dau. Galdera batzuri erantzuteko prest agertu da itzulpengintzan aditua, eta honaxe ekarri doguz:- Zelan hartzen dau batek Itzulpengintzari buruzko tesia idazteko hautua?
Itzulpengintza ikasketak egin nituen Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan. Ikasketak kanpoan egin nituenez, euskararekin lan egiteko gogoa neukan eta EHUn eman nuen izena doktorego ikasketetan. Ikasketekin hasi, gustuko gaia hautatu eta segituan heldu nion tesia egiteko ideiari.
- Zergatik aukeratu zenduan gaia? Eta lanaren bigarren fasean, zergatik Atxaga?
Aurrez esan bezala, ikasketak amaituta itzulpengintza eta euskara uztartzeko gogoz nengoen eta hortik abiatuta euskaratik zer itzuli den aztertzeko zegoen eremua zela ikusi genuen eta hortik abiatu ginen. Gainerako idazleekin alderatuz, Atxagaren lanak izan dira euskal literaturatik gehien itzuli direnak, bai jatorrizko kopuruari dagokionez, bai xede testu zein xede hizkuntzei dagokienez. Datuek eraman gintuzten idazlea hautatzera.
- Atxagaren testuetan zer aztertu dozu?
Katalogoa osatu eta berau aztertu ostean euskal literaturatik zer itzuli den ikusi dugu. Azterketa horrek itzulpen mota ezberdinak azaleratu ditu: batetik, autoitzulpena, autorea eta itzultzailearen arteko kolaborazioa eta autorea ez den beste itzultzaile baten itzulpena; zuzeneko eta zeharkako itzulpenak bestetik. Hortaz, Atxagaren testuen bitartez itzulpenak nola egin diren aztertu nahi izan dugu. Eta horretarako, bi elementu nagusi aztertu ditugu: izen bereziak eta koloreak.
- Zein izan dira, oro har, tesia idazteko faseak?
Atzera aurrerako lana izan da eta urrats bakoitzean aurrez eginiko lana osatzen, zuzentzen, eguneratzen joan gara. Katalogazio lanetik abiatu ginen, datu bilketatik eta horiek aztertzetik. Horrekin batera, euskal literatura eta itzulpengintzaren inguruko hausnarketa ere egin genuen. Ondoren, eta, aipatu moduan, itzulpen mota ezberdinak identifikatuta, horien inguruko teorizazioan sakontzen hasi ginen. Aldi berean, corpus murriztuan zein testu bilduko genituen erabaki behar izan genuen. Azterketa paratestuala ere egin genuen, liburuetan itzulpena aitortzen ote den ikusteko eta, aitortzen denetan, zein modutan egiten den ezagutzeko. Jarraian azterketa testuala etorri zen, testuen azterketa.
- Zein izan dira ondorio nagusiak?
Hainbat mailatan atera ditugu ondorioak. Batetik, katalogazio lanari dagokionez, argi eta garbi ikusi dugu gaztelania dela xede hizkuntza nagusia, eta horren erakusle dira hizkuntzaren egoerari loturik dauden hainbat fenomeno, autoitzulpena edo zeharkako itzulpenak kasu. Bestalde, generoei dagokienez, haur eta gazte literatur lanak itzuli dira gehien euskaratik, estatuko hizkuntzetara batik bat. Paratestuen azterketari dagokionez, berriz, hau da, liburuetan itzulpena aitortzen ote den aztertuz, itzulpena oso modu ezberdinetara aitortzen dela ikusi dugu, eta itzulpenaren nondik norakoak xehe-xehe agertzeko arazo gehien estatuko hizkuntzetan nabaritu dugu. Bestalde, itzulpen moten arteko alderaketari dagokionez, gaztelaniazko testuen kasuan ez dugu alde nabarmenik topatu autoitzulpena, kolaborazioa edo itzulpen alografoaren artean. Hala ere, kontuan izan behar da, Bernardo Atxagak maila handiagoan ala txikiagoan beti izan dela itzulpen prozesuaren barruan. Hortaz, itzulpen alografo garbirik ez dugu topatu. Gainerako hizkuntzetarako zuzeneko eta zeharkako itzulpenei dagokienez, bestalde, zera esango genuke, itzultzaileek gertutik jarraitu diotela erabili duten iturri testuari. Aipatu ondorioak, gainera, bere testuinguruan kokatu behar dira eta gogoan izan behar da hizkuntza gutxitu batetik eginiko itzulpenez ari garela, eta hizkuntzen arteko harremanak nolabaiteko eragina duela itzulpen prozesuan.
- Tartean hainbat buruhauste izango zenduzan… Zer izan da gatxena, neketsuena…
Zaila da erabakitzen zer izan den zailena edo neketsuena. Testuak eskuratzea eta digitalizatzea oso lan nekeza izan da, esaterako. Corpusa bera osatzea, gero berarekin lan egiteko. Tresna egokiak erabili ezean, gainera, prozesua askoz ere neketsuagoa suertatzen da. Bestalde, liburuak hainbat tokitan argitaratu direnez guzti-guztiak lortzea ere zaila suertatu da.
Bestalde, lanaren fase bakoitzean ere buruhausteak izan dira, noski, baina beste mota batekoak. Datuen eguneraketa behin eta berriz egin beharra, esaterako, errepikakorra eta nekeza izan da.
- Zelan deskribiduko zeunke tesiaren defentsa-eguna?
Aurkezpen egunaren aurretik, batek baino gehiagok esan zidan, disfrutatu egin behar nuela defentsa-egunean, saiatzeko horretan. Nahiko zaila iruditzen zitzaidan aurrez hala izan zitekeela pentsatzea. Baina, egia esan, oso oroitzapen ona gordeko dut. Urduri nengoen, noski, hala izaten da. Baina oso ongi atera zen guztia. Epaimahaikideek tesiaren balorazio oso ona egin zuten eta benetan eskertzen dizkiet esandako hitzak.
- Eta orain zer? Aurrerako ikerketa-planik bai?
Aurrerantzean ere ikertzen jarraitzeko asmoa dut, bai. Bide asko geratu dira irekita, tesian guztia ezin baita aztertu. Atxagaren lanak beste ikuspegi batetik lantzeko gogoz geratu naiz. Atxagaz gain beste hainbat autore ere aztertu nahi nituzke, autoitzulpenean eta zeharkako itzulpenean sakontzeko, esaterako, eta euskal literatura itzuliaren ikuspegia zabaltzeko. Euskal literatura itzuliaren katalogoa eguneratzen jarraitzeko asmoa ere badut, eta sarean jartzekoa ere bai edonoren eskura.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!