Emakumea eta bertsolaritza (Uribe Kostan) berbaldia

Erabiltzailearen aurpegia Ardi Txikia Beti Bildots 2012-03-12 11:41

Emakumeak eta bertsolaritza (Uribe Kostan) izenburua ipini eutsen euskara-teknikari eta bardintasun-teknikariek joan zan barikuan Sopelako Kurtzio kultur etxean Fredi Paiak eta biok egin genduan berbaldiari.

Berez, eskualdeko bertsolaritzan aditua paiatarra da, ni neu «bardintasunaren» izenean nengoan han, baina, tira, nork zertaz berba egin ondo banatu genduan eta polito urten eban. Eskertzekoa da hara etorri ziranen jarrerea be. Halan da ze: eskerrik asko gerturatu ziran daneri, batez bere Bene Markaidari eta Zelai Nikolasi, egin zituezan ohar interesgarriakaitik.

Kontua da ze, antxina-antxina emakumeek “eresiak” kantetan zituezela hiletetan eta halangoetan. Sasoi batetik aurrera, debekatu egin jakien, eta orduz geroztik emakumea bertso-jardun publikotik desagertu zan. Emakumeari transmisinoaren rola egokitu jako. Hainbesteraino eze dinoen lez, bertsolariak ama kantarien umeak diran. Nire kasuan halantxe dala onartu behar dot, amaren autoan sartu orduko, kantuan joaten ginan-eta.

Lehenengo plaza-andreak agertu eta saioetan neska bat sartu behar zala-eta diskriminazino positiboa egiten zan sasoitik harago joan gura dabe gaur eguneko plaza-andreek, eta inora deituten baditue, kantetan daben moduagaitik deitutea gura leukie.

Niri neuri bertso eskolen aroa bizitea tokau izan jat, eta gaur egun bertso eskoletako ikasle gehienak (gure eskualdean behintzat) neskak dira. Besterik da plazara salto egin behar danean zer pasetan dan, antza karisma berezia behar da.

Gure kasuan, nahiko berezia zan bertsolari sartzea bera, ganera sexuaren berezitasunak gehitu behar izateko. Bertsolari kideen artean neskatoek ez dabe gurean bereizketarik bizi izan. Halan bizi izan dot nik, behintzat. Bereiztu beharrekoak dira, dana dala, emakumetasuna eta bertsoa bera norberak zelan bizi dituan eta bertsolaritzaz zein gizarteaz egin daitekezan irakurketa feministak edo generoaren aldekoak. Azken finean, askotan norberak ipinten deutsoz oztopoak bere buruari, eta norberak ez ditu barritasunak behar legez onartuten. Halan,  gizarteari edo bertsoari errua bota beharrean hoba geunke geure irakurketea egitea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu