Iberdrola dorretik behera...

Erabiltzailearen aurpegia Ardi Txikia Beti Bildots 2012-02-22 12:26

Atzo inaugurau eben Euskal Herriko eraikinik garaiena: Iberdrola dorrea. Dotorezia, berba ponposoak, agintariak eta Mitxelin izardun sukaldarien pintxoak. Egun batekoagaitik ez dago krisirik.

Ahaztu dogu orain arte Bilboko dorrerik altuena izandako hori: BBVren dorrea. Hustu egin dogu, ez bakarrik tituluz, jentez eta egitekoz bere bai. Ez naz egundo barruan egon, baia, dinoenez, eraikina bera erdi hutsik ei dago. Pisuakaz  be bardin jasoten izan da orain arte: piloa hutsik egon bai, baia guk barriak eregi…

Eta Iberdrola dorrearen ganeko dokumentala ei daukagu telebistan ikusteko: dotorezia, berba ponposoak, agintariak, eta Mitxelin izardun sukaldarien pintxoak.

Artean, euskal telebista publikoan orain arte izandako literatura-saio bakarrenetako bat, edo behintzat nagusia, desagertuteko bidean dago. Animalia espezieak eta hizkuntzak legez: “galtzeko zorioan”, “desagertuteko zorian”. Izan bere, Sautrelaren azken emonaldia apirilaren 18an emitiduko da.

Eta ostean, kitto? Tirozu, telebistako ordezkariek esan dabenez, 13 saio grabauko dira urtean. Kalkuluak eginda, bat hilean gitxi gorabehera. Ganerakoan, dinot nik, Iberdrolako dorrearen ganeko dokumentala errepikatuta emongo dabela, beharbada lehengo Sautrelaren orduan.

Harkaitz Canori entzun deutsat alkarrizketa baten, eta arrazoi osoa daukala begitantzen jat, batez be orain, krisi sasoian, teknokratek geratu barik dinoela osasun eta heziketa arloak ez dituela ikutu bere egingo. Baia, inor ez da ausartuten hauxe esaten: osasuna, heziketa eta kultura ez doguz ikutuko errekorteak egiteko orduan. Baia ez ete dira ba hain zuzen bere hiru horreek ongizatearen gizartearen hiru zutabeak?

Isiltasun-minutu bat kultureari, mesedez. Iberdrolako dorretik behera bota dau bere burua. Halan esan dabe barri-emoileek. Baia seguruenik hilketea izango zan: atentadua.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu