Arima grisak
2012-02-15 18:12 Aspaldion blogera liburuak baino ez dakardazala esango dau baten batek, baia euki be eguraldi aproposa euki dogu etxeko sofan manta azpian liburueri ekiteko. Eta gogo handiagoa eukiten dau batek liburu jakin bategaz hasteko (eta akabetako) irakurketa-proposamena idazle batek egin deutsunean (idazlei eukiten jaken miresmen hori dala-ta, nahiz ta gero persona normalak diran...). Kasu honetan idazle batek ez, bik egin eustien proposamena, eta denporarik galdu barik, Claudelen Les Âmes Grises (Arima grisak) lanari ekin neutson. Proposamen-egileai eskerrak emotea baino ez jat geratzen: eskerrik asko Itxaro, eskerrik asko Iñigo. Gerra eta neskatila gazte baten hilketa bat (ez gerrak eragindakoa) dira eleberriaren eszena eregiten dabenak, giroa emoten dabenak, zeozelan esateko. Eta hortik aurrera, bonba-hotsak soinu-banda emoten dauelarik, eta hilketa horren inguruko gertaerek gogoetarako bidea emoten dabela, egileak herri txiki baten deskribapena egiten dau, bai eta personearen izakerearen nolakotasuna ikertu be. Ederra da hizkuntzea be: ahozkotasunetik oso gertu subjektibotasunean; gorago azalpen objektiboagoak emoten diranean. Hau baia, sentipen bat da gehiago bere: frantsesez irakurri dot liburua, eta urteak eta urteak badaroadaz be hizkuntzea ikasten, inoz ez da izaten gerora ikasitako hizkuntzea geure ama hizkuntzealangoa (ez behintzat neure burmuinaren kasuan). Jazoera jakin batek pertsoneari zelan eragiten deutson, zalantzan bizitea askotan bizi izatearen arrazoi zelan bihurtuten dan… halakoen ganean egin leike gogoetea liburuagaz. Baita bestelakoez be: idaztearen zergaitia arrazoituten da, eta berben esanguraren ganean be ez da gitxitan agertuten. Arrazoiz arrazoi, gogoetaz gogoeta, gogoeta nagusia zera da: hIltzaileak biktima legez ikusi daitekezala; izan bere, danon barruan dago ona eta txarra, danatarik daukagu: gure arimak ez dira ez zuriak ez baltzak, grisak dira. Hurrengoan be kasu egingo deutsiet proposamen-egileai. Eskerrak liburuaren barri emon eustien! Pena bat badaukat, ostera: liburuan oinarritutako pelikulea ez dot Interneten topau deskargetako…Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!