Ekialdean barrena, Jakobian eraikina

Erabiltzailearen aurpegia Ardi Txikia Beti Bildots 2012-02-06 15:22 Neska marokoar erresidentzia-kide bategaz egin neban lehenengo murgiltzea mundu islamiarrean, eta hareri eskerrak ulertu neban, kasurako, zergaitik ez eutsen neska batzuk uko egiten beloa eroateari. Lagun harek ez eban belorik janzten, bere aizteak bai; libreak ziran bakotxak euren erabagiak hartzeko. Neska haregaz eta haren familiagaz Marokon egindako bidaiaz ganera, ez dot bidaia fisiko gehiagorik egin ekialdeko herrialde horreetara, liburuen bitartez baino ez dot haren ostean bidaiarik egin inguru haretara. Egiptora eroan nau bidaian aspaldion irakurritako liburuetako batek, hain zuzen bere Jakobian eraikina izenburua daukanak. Blogera ekarri izan dot gaia, eta egin izan berba dot berba apur bat haren ganean, itzultzaile biren artean emon dabela-eta euskeraz. Bada, lanbide-kide eta lagun dodan Idazkolako Takatekoak blogariak dinoan legez, Egipto ezagutzeko eta ulertzeko bidea emoten dauen liburua da. Eraikina Egiptoko gizarte-, politika-, ekonomia- eta erlijino-egoerearen ispilua da. Zeozelan, herrialde nahiko mendebaldartua ekialdeartu egiten da atzera, eta demokraziarik ezak, ustelkeriak… herrialdearen gainbeherea dakar. Gizarte klaseen arteko ezbardintasuna, boteredunen indarraren eta harek ipinitako mugen adierazgarri dira eraikinaren hegaztegian eta apartamenduetan bizi diranen arteko ezbardintasunak. Baina, funtsean, daukiezan arazoak bardintsuak dira: diru-kontuak eta maitasun-kontuak (maila batean edo bestean). Liburuan argi ikusten dan legez, boterea dirua daukanarena da (eta gehienetan, baina ez beti, gizonezkoarena). Botere horregaz dan-dana erosi leike, eta euki leitekean gauzarik txarrena zorra da (diruzkoa zein bestelakoa). Maitasun-kontueri jagokenez, era askotakoak dagoz liburuan: amoranteak, homosexualen arteko istorioak, mirabeen eta boteretsuenen artekoak… Eta maitasun-ezak, erlijinoan babestea dakar askotan. Lagungarria subertau lei erlijinoaren babesa; baia, mendeku-goseagaz batu ezkero, norberaren akabua be ekarri leike. Halan da bere, horrek martiri bihurtuten ditu jihad-era batu eta islamismoaren alde burrukan hilten diran gerlariak. Harritzeko modukoa da, bestalde, zelango naturaltasunagaz agertzen dan sexua liburuan: emakumezkoen alkarrizketetan, laguneri zein gida espiritualei gomendio-eskean dabizanean, tabernetan… Beharbada kulturen arteko mito horreetako bat izango da, eta islamiarrak uste baino zabalagoak izango dira kontu horreetan, nok jakin. Liburuan oinarritutako pelikulea be badago; liburua akabau orduan, segidu-segiduan ikusi genduan; jatorrizko bersinoa, espainolezko azpitituluakaz (internetetik deskargauta). Libururuari fideltasun handia zor deutsola esango neuke, asko eta asko dira bertan berrirakurten diran eszenak. Halan da bere, betikoa, ez dakart gauza barririk: liburua askoz bere aberatsagoa da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu