Itzulpenak lau eskutara (eta III)

Erabiltzailearen aurpegia Ardi Txikia Beti Bildots 2012-01-23 14:45   Musikea Lau eskutara egindako itzulpenen alkarrizketa-sortatxuagaz akabetako, Fernando Rey eta Monika Etxeberriarenera jo dogu. Bikote horrek Elurra emon eban euskeraz.

Zelan erabagiten da itzulpen bat lau eskutara jotea?

Halakoetan, bietako batek bestea limurtzen dau normalean. Kasu honetan, Monikak limurtu ninduan ni. Monikak Zaitegi Sariaren barri izan –urte haretakoa Elurra zan euskaratu beharra, Orhan Pamukena–, eta bion artean egitea proposatu eustan. Liburua hain luzea izanda, saria irabazi ezkero, bakar bat oso itota ibiliko zan lana aurrera atarateko. Holan, bion artean, errazago egingo genduan lana, eta pentsau genduan esperientzia polita izan eikeala biren artean egite hori. Ondo moldatzen gara alkarregaz. Lankide gara, alkarren ondoan egiten dogu lan egunero, eta erraztua geunkan alkarri konsultak-eta egiteko bidea.

Zelan banatuten da lana halangoetan? zelangoa izaten da lan-prozesua?

Biren artean egiten danean, gehienetan bietako batek egiten dau lehenengo zirriborroa, eta bigarrenak zuzenketa sakona, baina guk, arrazoi praktikoakaitik, bi zati egin genduzan, erdiz erdi banatu genduan, lantokian eszedentziarik eskatu ezean epea oso estua zalako. Beraz, erdi bana egin testua, eta gutako batek lehenengo erdia egin eban, eta besteak bestea (ez dogu esango zeinek zein; apusturik?). Uste dogu, bestetik, testuak sakoneko egituran be ez ete zituan bi zati edo.

Modu honetan biren artean egiteak bere abantailak ditu, baina problemak be sortu daitekez, asko. Baldintza batzuk bete behar dira, nik uste: diziplinea; konfiantzea izatea alkarrengan, bata besteaz fidatzea; sortzen diran koskak aztertu eta erabagitea; maila berean aritzea, ez bata bestearen menpeko; eta, gure kasuan gertatzen dana, ez izatea ez bata ez bestea ez sobera burugogorra.

Lan prozesua? Ba, lanean hasi, problemak eta “termino bereziak” atara ahala, berba egin, lexikoari, sintaxiari eta beste zenbait konturi buruzko erabagiak hartu behar baitziran (Monikak koadernotxu batean batzen zituan). Epeak ondo finkatu, bete, eta egindakoa alkarri emon, askatasun osoz aldatzeko. Holan, apurka-apurka, testua findu genduan, bi zatiak ondo ezkontzeko, biotako inoren kutsu nabarmenik izan ez eien. Nik, apalkeriarik barik, lortu genduala uste dot. Eta behin eta barriro zuzendu eta gero, argitaletxeko zuzentzaile(ar)en laguntzari esker, testu bateratu bat lortu.

Turkieratik zuzenean ezin egin, eta Monikak bi hizkuntza hartu zituan zubi moduan, gaztelania eta frantsesa, eta nik gaztelania eta italiera. Eta azkeneko errepasoa, gehienbat, italierazko testuagaz egina da. Holan, nahikoa bermatua gelditu zan, gure ustez, jatorrizkoagazko fideltasuna.

Zertan da aberasgarri holan lan egitea? Zertan laguntzen dau itzulpenean bi izateak?

Alkarrengandik ikasi dogu. Hori oso aberasgarria da. Eta, bestetik, negozietan jakin behar da, baina, horretan, oso zintzoak izan gara. Jaubetu ginan, bestalde, bakotxak zelako joerak dituan.

 Eta zein izan ziran zailtasunak?

Gure kasuan abantailak gehiago izan dira zailtasunak baino. Askatasun faltea gerta leiteke, baina guk ez dogu igarri holakorik.

Ondo antolatu ezean, arazoak sor daitekez. Garrantzitsua da epeak ondo jarri, eta betetea.

 Badaukazue aitatu gura zeunkien beste ezer?

Lan luzea zan, eta a zelako deskantsua hartu genduan lana amaituta. Gogorra izan zan. Lan luzea eta nekosoa, baina pozik gelditu ginan emoitzeagaz. Eta biren artean egite horri buruz, ez dakit, edo ez da kritikarik egiten, edo inork ez dau atzemon desorekarik testuan.

Bada beste gauza pozgarri bat be; lliburua holan eginda, bi arrisku geunkazan: azkenean hasarre amaitzea, edo maitemintzea. Lagun izaten segiduten dogu, eta bestea, ba, Monika behinik behin ez zan nitaz maitemindu. Zer egingo deutsagu, ba! Bueno, bera be saiatu zan. Istanbulera eroan nahi ninduan, eta batek daki nozonoz joango ete garen paraje hareek ikustera, edurra dagoenean, jakina.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu