Joan
2012-01-18 15:55 Pozgarria da gaur egun euskerazko literatura-produkzinoa zabala izatea, liburuak mesanotxean pilatzeko bestekoa. Pilotuta geratu jatan liburu horreetako bat izan da Patxi Zubizarretarena: Joan. Sarritan, emoten dau liburua urten barritan haren ganean berba egin ezean, ez zagozala egunean. Nobedadeen ganean baino ez da egiten gogoetea sarritan, baia hain izan dot gustuko liburu hau eze ezin izan deutsat blogera ekarteko tentazinoari eutsi. Haren ganeko bideo interesgarri bat daukazue hemen. Alkarrizketa eder bat egin eutsen idazleari liburuaren inguruan Hitzen Uberan webgunean. Hori hemen daukazue. Eta, zer esanik ez, liburuari buruz prentsan argitaratutako kritikak Kritiken Hemerotekan, hemen eta hemen. Autortu behar dot gitxi iruditu jatazala liburuagaz lotutako kritikak eta iruzkinak, hain liburu berezia izanda irakurri barri dodan hauxe. Eze, liburu berezia da, bai. Idazleak piano jotzaile bategaz, Joxerra Senperenagaz, eta argazkilari bategaz, Thomas Canetegaz batera egin dau sorkuntza-prozesua. Ideien barri emon ei eutsan piano-jotzaileari, musikeagaz batera atondu zituan kapituluak, eta argazki eta bideoakaz batera egin zituan azkeneko orrazketak. Liburua DVD bategaz dator, eta hantxe dagoz jasota kapitulu bakotxari jagokozan “Fadoa†eta “ikusentzunezkoaâ€. Ganera, liburuko azken atala Maddi Ohienartek eta Martin Tejeriak irakurrita emoten da. Zeren ganekoa da istorioa?: Uztail amaiera da Lisboan, eta Mariok dei bat jaso du gauerdian. Emakume baten ahotsa da, frantsesez, João anaia gaztea Santa Grazin larri dagoela jakinarazi diona. Eta Mariok zer egin erabaki beharko du: joan, ez joan, edo… «Erabakiak guk geuk hartzen ditugulako ilusioa bizi dugu baina, izan, damuak baldintzatutako halabeharraren iruzur baino ez dira». Sara Caeiroren hitz hauek izan zitezkeen eleberri honen hari gidaria, Lisboa dekadentean hasi eta Zuberoa magiko batean amaitzen den bidaia zeharkatu eta zehaztuko dutenak. Erabagiak hartzeari buruzko liburu interaktiboa dala esan geinke orokorrean, baia zirrikituetan, ahotsetan, erregistroetan, testu-tipologian, estiloan, zehaztasunetan, gogoetatan… aberatsa da oso. Liburuak bost atal daukaz, danak be erregistro ezbardinetan idatzita: zeharkako estiloan, eguneroko legez, loakartu aurreko pentsamendu-segida legez, alkarrizketa legez, itzulitako ipuin legez (etnografiaz jantzita), itzulpen-sortzearen ohar bidez… Liburua deskribiduteko berba bakarra erabili beharko baneu, “sorpresa†berbea erabiliko neuke. Izan bere, sorpresaz beterik dago istorioa bera, anaiaren egoera larria dala ta haren bila joan eta han topautakoa da lehenengo sorpresea, bueltarako bidaia be sorpresaz beteta dago, eta are sorpresa handiagoa hartuten dau irakurleak liburua irakurten segidu, bueltearen segideari ekin deutsola pentsau, eta erabagi bat barik bestea hartu izanaren ondorioa kontetan hasten jakunean idazlea (beraz, istorioaren beste ildo posible bat). Erabagi zeuk liburuaren segidea gisakoa da, baia irakurleak ez dau erabagirik hartuten. Akabuan, ez dakigu zein dan benetan jazotako aukerea, danak ete ziran posible… Hain zuzen bere, bizimodu errealean bere halan jazoten da: erabagi hau barik bestea hartu baneu, zer pasauko zan? Sorpresa ederra irakurle legez hartu dodana. Nire ustez, zeresana emongo dau gerora be liburuak literaturearen historietan eta postmodernismoaren ganeko gogoetatan.Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!